Txartel gorriak desorekatu du balantza, eta UDAk sendo jarraitzen du

Eneko Azurmendi Barrena 2024ko urt. 14a, 19:33

UDAk 4-1 menderatu du Elgoibar eta sailkapeneko lehen postuan jarraitzen dute aretxabaletarrek. Edozelan ere, markagailuak erakusten duena baino estuagoa izan da partidua Elgoibar jokalari bat gutxiagorekin geratu den arte. Bigarren zatian izan da hori, kanpokoek berdinketaren gola egin eta gutxira. 

Lehen zatian etxeko taldea gehiago izan da eta nagusitasuna erakutsi du zelaian. Hala, baloiaren jabe izan dira etxekoak eta aukera garbienak ere haienak izan dira, nahiz eta Elgoibarrek ere izan duen aukera markagailuan aurreratzeko, Gorka Irizar oñatiarraren oinetan. Hala ere, UDAk egin du lehen gola, 35. minutuan, Marcos Vinicius Silvak, hain zuzen, jokaldi borobil baten ostean. Modu horretan, atsedenaldira abantailarekin iritsi da Unai Calzonek zuzentzen duen taldea.

Bigarren zatia hasi eta berehala berdindu du Elgoibarrek, 50. minutuan; izan ere, etxekoek atzean egindako akatsa ondo baliatu du Ibon Makazagak. Berdinketaren golak zalantzak eragin dizkie aretxabaletarrei eta kanpoko taldeak gora egin du, partidua orekatuz. Edozelan ere, bigarren zatiaren erdi inguruan, 65.minutuan, etorri da partidua desorekatu duen jokaldi erabakigarria, Elgoibarko Jacint Arrizabalagak bigarren txartel horia eta, ondorioz, gorria ikusi baitu, UDAren kontraeraso bat mozteagatik.

Hori gutxi ez, eta ondorengo jokaldian iritsi da aretxabaletarren bigarren gola, Manex Ibarrondok eginikoa. Erabat hautsi da partidua momentu horretan eta UDAk beste bi gol egin ditu. Bata penaltiz, Ibon Perez de Labeagak, 82. minutuan, eta bestea eskuinetik egindako jokaldi on baten ostean, Eneko Garciak, 83. minutuan.

Bergarak, berdindu

Hiru puntuak, beraz, Ibarran geratu dira eta UDAk lider jarraitzen du, 36 punturekin, Zarautzekin batera. Liga berean, Gizonezkoen Erregional Ohorezko Mailan, Bergarak 1-1 berdindu du Oiartzunen aurka, nahiz eta goiko borrokan jarraitzen duen oraindik, 31 punturekin.

Mondra eta Aloña, indartsu

Kategoria bat beherago, Gizonezkoen Gorengo Mailan, Mondrak 3-2 irabazi dio Zestoari eta Aloña Mendik, berriz, 4-1 azpiratu du Soraluze. Hala, arrasatearrak lehenengo postuan dira eta oñatiarrak, bigarrenean. Antzuolak, halaber, 5-1 irabazi dio Euskaldunari, baina azkenengo postuan jarraitzen dute antzuolarrek, zortzi punturekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak