"Iraganeko minak, gorrotoak eta biolentziak atzean uzteko" garaia dela adierazi dute –inoren sufrimendua ahaztu edo gutxietsi gabe– eta "konponbideari ateak irekitzeko unea" dela aldarrikatu. "Bidean aurrera egiteko euskal preso, iheslari eta deportatuen aferari" irtenbidea ematea beharrezkoa dela esan dute: "Bai eta gutxieneko akordio baten bila, biktima guztiei tratamendu justu eta berdina ematea ahalbidetuko duten ateak irekitzen jarraitzea".
Ildo horretatik, "euskal presoen eskubideek urratuak izaten jarraitzen" dutela gogorarazi dute eta " jendartearen motorra piztea" da asmoa aurrera egiteko: "Konponbidearen eta elkarbizitzaren ateak parez pare zabaldu nahi eta behar ditugu. Eta horretarako presoen etxerako atea zabalduko duten giltzak eskuartean hartu behar ditugu". Hala, zigorrak betetzeko legeak berak eskaintzen dituen aukera desberdinei ateak irekitzea eskatu dute: "Lege arruntak dion bidetik, hamarkadetan zehar aplikatzen ari zaizkien salbuespenak betiko baztertuz".
Hurrengo ekitaldiak
Urtea bukatzeko, abenduaren 31rako, beste bi ekitaldi deitu dituzte. Goizean, Kurtzebarri tontorrean elkartuko dira, 11:00etan, argazkia ateratzeko; eta 19:00tan, plazan egingo dute bat urtea agurtzeko.
Urtarrilaren 13an, Bilbon egingo den manifestaziorako gonbidapena ere egin dute.