'Konponbiderako giltzak' izateko deiarekin hainbat ekitaldi antolatu ditu Sarek

Mirari Altube Arrese 2023ko abe. 21a, 08:49

Hainbat herritar, giltzak eskuartean, Sarek egindako deialdietara gonbidatzen.

"Presoen etxeratze bideari jarritako oztopoak" salatu eta konpontzeko ekimenarekin bat egitera gonbidatu dituzte herritarrak: abenduaren 30ean, puzzlea osatuko dute; eta 31n, Kurtzebarri tontorrean argazkia atera eta iluntzean elkarretaratzea egin.

Sakabanaketa politikaren amaierarekin fase berri bati ekin zion Sarek urte hasieran, presoen etxeratzea eskatuta. Bide hori, baina, ez dabilela erraza izaten dio Aretxabaletako Sareko kide Txarli Garciak: "Presoek baldintza guztiak beteta izan arren graduen progresioa eskuratzeko, baldintzapeko askatasuna lortzeko edo baimen bereziak izateko, oztopoak izaten dabiltza behin eta berriz Auzitegi Nazionaletik". Ildo horretatik, Gari Garcia Arrieta aretxabaletarraren egoera ekarri du gogora: "Dagoeneko hiru urte daramatza Zaballan eta baldintza guztiak beteta baditu ere hirugarren gradua eskuratzeko, oraindik bigarren graduan jarraitzen du".

"Konponbidea sustatu"

Sakabanaketaren amaiera "urteetan egindako lanari esker" eta, bereziki, "azken urteetan lortutako akordio zabalari esker" izan dela dio, eta horren ondorioz gertatutako aktibazio sozialaren eraginez. Fase berrian ere ildo beretik jarraitu gura dute, eta helburu horrekin aurkeztu zuten urrian Konponbiderako giltzak manifestua: "Gehiengo sozial, politiko eta sindikalak bat egin zuen eta une honetan 2.000 atxikimendu baino gehiago jaso ditu. Manifestu horren helburua da akordioa bultzatzea, bi eskaera nagusi izanik: euskal presoei jartzen zaizkien oztopoak bertan behera uztea, hau da, lege arrunta aplikatzea eta biktima guztientzat erreparazioa".

Bide hori urratzeko hainbat ekitaldi antolatu dituzte: abenduaren 30ean (19:00), kalejira egingo dute Mitarte kaletik –botika zaharraren paretik– plazaraino, eta han "konponbidearen aldeko puzzlea" osatu; abenduaren 31n, Kurtzebarri tontorrean argazkia aterako dute (11:00), eta iluntzean (19:00), plazan elkartuko dira urtea agurtzeko.

Halaber, urtarrilaren 13ko Bilboko manifestaziora gonbidatu dituzte herritarrak "ezinbestekoa dela hango kaleak betetzea". Autobusa antolatuko dute Aretxabaletatik, eta txartelak Urbaltzen egongo dira salgai.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak