Laukotearen aitzindari izan zen Blanca Altable eta Chuchi Alcuadradok osatutako bikotea. Hamabost urte baino gehiago daramatza horrek oholtzen gainean, eta ibilbide horretan folk nazionalaren aintzatespena lortu dute; penintsulako agertokietan ez ezik, Europako, Estatu Batuetako eta Afrikako hainbat herrialdetan ere jo dute. Taldeak folk musika ulertzeko modu berezia du eta Gaztelan, Europan eta Amerikan errotutako doinuak uztartzen ditu; hala, adituen esanetan aberririk eta mugarik gabeko folka sortu dute sormen, argitasun eta edertasun handiko konposizioak eginda.
Hamargarren urteurrenaren ospakizunean, nazioarteko musikari ospetsuak diren Natalie Haas txelo-jolea eta hainbat instrumentu jotzen dituen Jaime Munoz izan zituzten bidaide. Hor eratu zuten B&C Quartet laukotea.
Askotariko jatorriko piezak
Laukoteak errepertorio zabalagoa lantzen du, eta askotariko jatorriko piezak eskaintzen ditu: Valladolid, Segovia, Burgos eta Zamora. Halaber, taldeak Salamancako gaita eta danbolin gaiak, Campoo (Cantabria) inguruko doinuak eta eragin heterogeneoko konposizio propioak ere batzen ditu bere errepertorioan.
Makina bat oholtzatara igo dira bi urteko ibilbidean, besteak beste, Castilla Folk, La Estufa kontzertuak, Cangas do Morrazo Aditoriuma eta Tradicionarius Nazioarteko Jaialdikoetara; eta eguenean, Aretxabaletako Arkupen izango dira.