Hartu dute kargua Aretxabaletako auzoetako alkateek

Mirari Altube Arrese 2023ko abe. 11a, 17:00

Hainbat auzotako ordezkariak Gari Iturbe alkatearekin eta Angel Mari Etxabe zinegotziarekin. (Argazkia: Udala)

Dagoeneko izendatu dituzte Aretxabaletako auzoetako alkateak –horietan hauteskundeak egin ondoren– eta lehenengo bilera egin ere bai. Udal ordezkariekin elkartu ziren alkate berriak zein orain arte izandakoak. Hala, batzuk agurtzeko eta besteei ongietorria egiteko batzarra izan zen, baita datozen lau urteetarako lan dinamika bat abian jartzeko ere.

Hona hemen auzo-alkate berriak: Garbiñe Zubizarreta (Isurieta); Jose Ramon Urrutia (Galatza); Mikel Añibarro (Apotza-etxebarria); Gorka Arbulo (Oro); David Agirre (Larrino); Beñat Kortabarria (Aozaratza); Jaione Lazkano (Areantza); eta Miguel Moñux (Goroeta); eta Iñigo Trojaola (Arkarazo).

"Bizi-baldintzak hobetzea" helburu

Udal ordezkariek jakinarazi zieten auzoetako "bizi-baldintzak hobetzeko apustua sendoa" egin gura dutela eta horretarako, hiru hilabetean behin bilera bat egitea proposatu zieten. Udala, gainera, gertu agertu zen hainbat konpromiso bere gain hartzeko. Batetik, urtean 40.000 euroko aurrekontu-partida bat sortzeko, auzoen artean proportzionalki banatzeko. Bestetik, urtean 70.000 euroko partida sortzeko asmoa dute titulartasun publikoko bideak konpontzeko, kopuru hori handitzeko aukerarekin dirulaguntzak jasoz gero: "2024 urterako 105.000 euro inbertitzea aurreikusten da, 35.000 euroko diru-laguntza jaso baita". Eta azkenik, jaiak antolatzeko partida handitu egingo dutela jakinarazi zieten.

Aurrekontuko partidaren kopurua handitu egingo dutela ere aurreratu zuten: "25.000 euroko partida egotetik, 151.000 eurokoa egotera pasatuko gara. Auzo-alkateen papera indartzea du helburua, eta horretarako, haien eskuan eta beraz bizilagunen eskuetan jartzea haien beharrak kudeatzeko ahalmena".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak