30 lan izango dira Huhezinema jaialdiko finalean

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko abe. 5a, 18:25

Huhezinema jaialdiaren 16.aldiko ekitaldia.

81 ikus-entzunezko jaso dira guztira festibalaren 17.aldian, baina aukeraketa bat egin dute: hamar sail ofizialean izango dira; beste hamar ikasle sailean; eta azken hamarrak bideokliparenean.

Iban del Campo Huhezinema jaialdiko zuzendariaren arabera, Euskal Herriko leku ugaritako filmak eta bideoklipak jaso dituzte, eta "luxu bat da" hautaketa batzordea osatzen duten ikus-entzunezko ikasleekin eztabaidatzea. "Eskarmentu handiko egileen lanak eta hasiberrienak ikusteko aukera izan dugu. Emanaldiak egiteko orduan denbora mugatua dugunez, interes handiko lanak ezin izan ditugu aukeratu finalista eta horrek badu frustrazio puntu bat. Baina oso pozik gaude jaialdian erakutsiko dugun sormen eztanda honekin".

Finalistak hiru sailetan

30 lan izango dira guztira finalean, hiru sailetan banatuta. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, sail ofizialean, adibidez, "maila oso altua" izan da, eta hamar finalisten artean batez ere fikziozko filmak jaso dituzte, dokumentalak eta animaziozko lanak ere badiren arren. "Hauen artean, Goya sarietarako izendapena jaso duen Txotxongiloa animaziozko film laburra dago".

Ikasle sailari dagokionez, nabarmendu dute "arrakastatsua" izan dela, eta azken bi urteetan, gainera, Mondragon Unibertsitatekoak ez diren ikasleen lanak ere onartu dituztela. Hain justu, Larrotxene (Donostia), Mendizabala (Gasteiz), Elias Querejeta Zine Eskola (Donostia), Centa Eskola (Donostia) eta EHU Euskal Herriko Unibertsitateko film laburrak jaso dituzte. Denera, hamar lan izango dira sail honetan ere.

Bideoklip sailak, berriz, hirugarren aldia du, eta "lan sorta ederra bezain aberatsa" jaso dutela azpimarratu dute. Gaur egun gazteen artean gehien kontsumitzen den ikus entzunezko formatua dela uste dute antolatzaileek.

Finalisten eta eurek eginiko lanen berri gehiago nahi izanez gero, hemen informazioa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak