Arkupeko berokuntza sistema matxuratuta dago

Mirari Altube Arrese 2023ko abe. 5a, 17:20

Arkupe kultur etxeko berotze eta hozte-sistemak zaharkituta daude Udal Gobernuaren esanetan, eta horren eraginez, azken urteetan hainbat matxura izan ditu, orain legez. Konponketak egiteko piezak ordezkatu behar dira, eta horiek noiz iritsiko zain daude. Bien bitartean, ezingo dutela tenperatura egokia bermatu adierazi dute eta barkamena eskatu eragozpenengatik.

"Matxurak agertu ahala konponketa txiki batzuk egin izan dira. Hala ere, egoerak eskatzen zuen besteko inbertsiorik ez da egin eta horrek gaur egungo egoera jasanezinera ekarri gaitu", adierazi dute Udal Gobernuko kideek prentsa-ohar bidez. Hozte-sistema erabat hondatuta dagoela gaineratu dute eta berogailua bide beretik doala.

Matxura horiek konpontzeko hainbat teknikariren esku-hartzea beharko dela azaldu dute eta piezak ordezkatu beharra dagoela. "Guk nahi genukeena baino entrega epe luzeagoa dute ordezko pieza horiek eta noiz helduko zain gaude".

Hori horrela, eraikinean ezin dela bermatu tenperatura egokia adierazi dute eta barkamena eskatu: "Horregatik, barkamena eskatzen diegu Arkupeko erabiltzaile zein langile guztiei". Egoera arintzeko eta "premiazko neurri" gisa, berogailu txiki batzuk jarriko dituzte adineko pertsonak ekintzak egiten dituzten geletan datorren astean. Era berean, liburutegian ikasi gura dutenek Mondragon Unibertsitateko fakultatera jo dezaketela gogorarazi dute, herritarrentzat zabalik izaten delako hori.

Behin betiko konpontzeko inbertsioa

Arazoa behin betiko konpontzeko inbertsio bat egingo dela ere aurreratu dute: "Konponbidea behin betikoa izango dela bermatzeko, 270.000 euroko inbertsioa duen eraikinaren berokuntza eta hozte-sistema osoa martxan jarri dugu".

Egunotako matxura ahalik eta bizkorren bideratu gura dutela gaineratu dute: "Espero dugu, matxura ahalik eta azkarren gauzatzea, eta beste arazorik ez izatea, udarako martxan egongo den sistema berria jarri bitartean".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak