Kultura ekitaldiz betetako egunak datoz Arkupera

Mirari Altube Arrese 2023ko abe. 4a, 20:44

Umeek zein helduek egitarau betea daukate datozen egunotan Arkupen; antzezlanak, musika, zinema eta beste hainbat ekitaldi izango dira, eguaztenetik domekara bitartean, baita komiki lesbikoen gaineko erakusketa ere hilaren 22a arte.

Eleder magoaren Magia berri on! emanaldia izango dute umeek eguaztenean, hilaren 6an (17:00). Ikuskizun parte-hartzailea eta ikusgarria eskainiko du, magia, jolasa, dantza eta kantuak uztartuta (sarrera da 3 euro).
 
Helduei, ostera, La cuerda Teatroak Euli dantza eskainiko die eguenean, hilaren 7an (19:00). Adinekoen zaintzak eskatzen duen konpromisoaren gaineko komedia beltza izango du hizpide: bizilagunen komunitate batean emakume nagusi baten gorpua topatu dute, hil zenetik astebete igaro ondoren. Auzotarretako batek bilera bat antolatzea erabaki du, beilatoki gisa.
 

Akordeoi kontzertua

Musikak ere izango du lekua. 2022an Arrasate Hiria Nazioarteko Akordeoi Lehiaketaren txapelduna izan zen Kremisic Lulic kroaziar gaztearen kontzertua izango da abenduaren 10ean, domekan (12:30). Zagreben jaioa bertan egin zituen lehen eta bigarren mailako musika ikasketak eta ondoren, Kopenhagen (Danimarka) bukatu. Hainbat proiektu eta nazioarteko lehiaketatan hartu du parte Europan, besteak beste, Austrian, Serbian eta Italian, eta emaitza aipagarriak lortu ere bai.
 

Los asesinos de la luna zineman

Zinemari dagokionez, Los asesinos de la luna filma (AEB, 2023, 206 min.) izango dute helduek egubakoitzean (22:00), zapatu eta domekan (19:30) eta astelehenean (16:00). Martin Scorsese zuzendari ezagunaren filma 1920ko hamarkadako Oklahoman girotuta dago, eta Osage herrialde indigenako hainbat kideren hilketak kontatzen ditu.
 
Umeek, ostera, Trolls 3: todos juntos (AEB, 2023, 91 min.) animaziozko filma izango dute haurrek zapatuan eta domekan (17:00); sarrera da 3 euro.
 

Komiki lesbikoen gaineko erakusketa

Gehitu eta Mugen Gainetik elkarteek argitaratutako Opil eta Muxilen binetak: komiki lesbikoak bi ertzetatik izeneko erakusketa ireki dute gaur, astelehena. Erdialdeko Amerikako eta Euskal Herriko LGTBI+ kolektiboko pertsonek bizi dituzten zailtasunak eta horien erronkak ezagutaraztea du xede. Zehazki, emakume lesbianek Amerikan eta Europan egunerokoan bizitzen dituzten egoerak erakusten duten hamar istoriok osatzen dute erakusketa.
 
Abenduaren 22a bitartean izango da zabalik eta horren ordutegia da honako hau: astelehenetik egubakoitzera: 11:00-13:00 eta 18:00-20:00; zapatuetan: 11:00-13:00. 
 

Sendabelarren gaineko ikastaroa

Bestetik, abenduaren 11n eta 14an (18:00-20:30) sendabelarren gainean jardungo du Sara Letamendiak. Inguruko sendabelarren gaineko argibide orokorrak emango ditu baita landare horiek osasunerako dituzten propietateen berri eman ere, eta ukenduak, xarabeak eta ezpainetarako kremak egingo dituzte.
 
Izena aldez aurretik eman behar da Arkupen bertan: 943 08 10 01. Prezioa da 5,40 euro.
 
 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak