Bizi bagina bezala bigarren diskoarekin ekindako birari bukaera emango dio Nhil talde aretxabaletarrak abenduaren 23an. Etxean emango du azken kontzertua, Arkupen (19:00). Sarrerak gaur, egubakoitza, jarri dituzte salgai (5 euro) Arkupen bertan eta Aretxabaleta.eus webgunean.
Kontzertu berezia izango dela aurreratu dute taldeko kideek: "Aurretik gurekin elkarlanean jardun izan duen artistaren bat edo beste etorriko da".
42 kontzertuko bira
Disko hori 2022ko ekainean argitaratu zuten, eta ordutik emandako 42. kontzertua izango da datorrena. "Oso pozik gaude emandakoarekin; genituen aurreikuspenak ez bakarrik bete, gainditu ere egin dira". Nabarmentzekoen artean aipatu dituzte Madrilen Radio3 irrati saioan eta Hondarribiko jazz jaialdian parte hartu izana.
2024ari begira lanean
2024an kantu berriak sortzen hasteko asmoa dute: "Ez dugu ezer zehaztuta, baina poliki-poliki lanean hasi gura dugu, eta diskoa prest dagoenean argitaratu".