Askotariko kantuekin osatutako kontzertua domekan

Mirari Altube Arrese 2023ko aza. 24a, 17:31

Aretxabaleta Abesbatzako kideak parrokian, martitzeneko entseguan.

The Beatles eta Nino Bravoren abestiak eta beste hainbat kanta ezagun eskainiko dituzte Aretxabaleta Abesbatzak, Leizarra musika eskolako abesbatzak eta hainbat bakarlarik, Frantzesena aita-semeek lagun eginda pianoarekin eta perkusioarekin. Emanaldia 19:00etan izango da azaroaren 26an, Andre Mariaren Zeruratzea parrokian.

Azken entsegua egingo dute gaur, egubakoitza, eta domekarako prest izango dira. Aretxabaleta Abesbatza, Leizarra musika eskolako abesbatza eta hainbat bakarlari elkartuko dira, besteak beste, Maider Garai, Imanol Aizpurua, Mari Karmen Etxeandia, Javier Lizarazu, Lurdes Urkia, Ciriaco Sandoval eta Mariatxen Urkia. 50 abeslari horiei Jose Luis eta Unai Frantzesena aita-semeek lagun egingo diete pianoarekin eta perkusioarekin, hurrenez hurren.

The Beatles eta Nino Bravo

Askotariko kantuak, hamalau guztira, eskainiko dituzte; besteak beste, The Beatles taldearen hiru abesti, Nino Bravoren beste hiru eta beste hainbat kanta ezagun; aukeraketa horren arrazoia azaldu du Angel Barandiaran zuzendariak: "The Beatles aukeratu dugu azken urtean zeresana eman duen taldea izan delako. Eta Nino Bravo, haren heriotzaren 50. urteurrena betetzen delako aurten". Horrez gain, Benito Lertxundiren Bizkaia maite ezagunaren bertsio bat ere abestuko dute.

Frantzesena aita-seme azpeitiarrak izango dituzte lagun, beste hainbatetan legez: "Abesbatzak kantuan ekin zionetik dugu harreman estua Jose Luisekin. Organoa jotzera sarri etortzen da eta gure emanaldietan parte hartzen du; guk ere abestu izan dugu Loiolan, esaterako, haren bitartez".

Gabonetan, beste bi kontzertu

Gabonen bueltan ere emango dituzte kontzertuak; bi, hain zuzen. Abenduaren 17an, Frantzesenak organoa joko du eta Mariatxen Urkiak kantuan egin. Abenduaren 30ean, ostera, Aretxabaleta Abesbatzaren ohiko emanaldia izango da; lehenengo zatian, Mozarten Koroatze meza abestuko dute, eta bigarrenean, Gabonetako kanta ezagunak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak