Zaintza langileen ahotsa entzutea eta zabaltzea helburu

Mirari Altube Arrese 2023ko aza. 17a, 08:51

Bazterretik, Atxabaltan zaintza lanetik bizi direnen ahotsak ikus-entzunezkoa estreinatuko da azaroaren 23an; Erdu talde feministaren ekimena izan da eta Julene Rosadok batu ditu lanbide horretan diharduten hainbat emakume*ren bizipenak.

Denon bizitzak erdigunean! leloarekin zaintza sistema publiko-komunitario feminista aldarrikatzea izango du helburu azaroaren 30erako deitutako greba orokorrak. Ogibide hori ezagutarazte aldera, Erdu talde feminista aretxabaletarrak herrian zaintza lanetan dihardutenen ahotsak jaso gura izan ditu. Bazterretik, Atxabaltan zaintza lanetik bizi direnen ahotsak izeneko ikus-entzunezkoan batu ditu horiek, eta azaroaren 23an estreinatuko dute, Arkupen, 18:30ean.

Hamalau lagunen testigantzak

Zaintzari buruzko lanketa bat egiteko asmoa azaroaren 30aren aurretikoa zela adierazi du Erduko kide Larraitz Arandok: "Konturatu ginen ez genuela ezagutzen jende askoren errealitatea, eta ezagututa ere, euren ahotik ez genuela entzunda zein behar dituzten, zein aldarrikapen eta zein nahi, ezta zaintza zer den egunero horretan diharduten horientzat ere. Haiengana gerturatzea eta haiei entzutea izan da helburua. Eta, gero, jasotako hori herrira zabaltzea".

Hala, zaintza lana ogibide duten hamalau lagunekin egon dira: "Etxez etxekoan dabiltzanak, zaharren egoitzan lan egiten dutenak, eskoletan dihardutenak eta norbanakoek kontratatuak daude, baita Aita Mennin lan egiten duenen bat ere. Eta askotariko profilekoak: gazteak, helduak... Emakumeak* guztiak".

"Mezu indartsuak"

Julene Rosado gazte aretxabaletarrak egin ditu grabatze eta editatze lanak. Eta Erdukoak oso gustura daude emaitzarekin: "Guretzat lanketa potentea izan da. Mezu indartsuak eta hunkigarriak jaso ditugu; begiak zabaltzeko baliagarriak eta kontu askoren gainean kontzientzia hartzea eragin digutenak". Batzuek euskaraz dihardute eta beste batzuek gazteleraz, eta azpitituluekin emango dute dokumentala.

Azaroaren 23ko estreinaldia herritar orori irekia izango da, eta emanaldia borobilduko da mokadutxoa eskainita bukaeran.

Asanblada irekia, gaur

Bestetik, azaroaren 30eko antolaketa lanetan murgilduta jarraitzen du horretarako elkartzen den taldeak. Gaur, egubakoitza, asanblada misto irekia egingo dute, 18:00etan, udaletxe zaharrean; datozen egunetako ekitaldiak zehaztea eta prestatzea da asmoa. Era berean, herritarrei aldarrikapenen berri ematen jarraituko dute kalean, enpresatan eta hainbat eratako zerbitzuetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak