Antzerkia izango da protagonista asteburuan, Arkupen

Mirari Altube Arrese 2023ko aza. 14a, 17:09

'Kanpora sartzen' antzezlaneko une bat.

Helduek izango dute Aitziber Garmendiak zuzendutako Kanpora sartzen antzezlana Txalo Produkzioak konpainiaren eskutik egubakoitzean (20:00). Umeei, ostera, Euskelelea ikuskizuna die Maika Etxekopar aktore eta kantariak zapatuan (18:00) eta Anbotoko Mari antzezlana Logela Multimediak domekan (17:00). Sarrerak online eros daitezke.

Xabin Fernandez eta Intza Alkain dira Kanpora sartzen antzezlaneko protagonista. 2013ko martxoan, Xabinek seropositiboa zela jakin zuen. Hamar urteren ostean, Xabinek birusarekin duen harremanaz hitz egiteko garaia iritsi dela sentitu du eta oholtza gainean egingo du hori. Birusarekin izandako elkarbizitza eta azken hamarkadan gertatutako pasadizoak errepasatuko dituzte: pilulak, estigma, lotsa, beldurra, errua, bakardadea, osasun mentala... Sentimendu gordinak eta umorea uztartuko ditu eta lehen pertsonan kontatu horiek –sarrera, 5 euro–.

Aurten lehenengoz, gainera, Debagoieneko Antzerki Plataformak ikusle kluba antolatu du Karoi zikloaren barruan. Antzezlana baino ordubete lehenago (19:00) bilduko dira Arkupe kultur etxean eta antzerkiaren gainean hitz egingo dute. Ondoren, denak batera joango dira Kanpora sartzen ikustera (20:00). Ikusle kluba irekia da gerturatzea nahi duen guztiarentzat.
 

Umeendako, Euskelelea eta Anbotoko Mari

Enrike Solinísen jatorrizko ideian eta berak sortutako instrumentuan eta Juan Kruz Igerabide poetaren hitzetan oinarritutako Euskelelea ikuskizuna izango dute umeek zapatuan (18:00). Doinu ederrak eta kantu tradizionalak entzuteko aukera izango da, Euskal Barrok Ensemblek interpretatuak, Maika Etxekopar aktore eta kantariaren ahotsarekin; Irrimarra ilustratzaileak proiektaturiko irudiak ere ikusiko dira.
 
Domekan, ostera, Anbotoko Mari izango dute (17:00) Logela Multimediaren eskutik; antzerkia, bideo-animazioa, interakzioa eta musika biltzen dituen antzezlan multimedia. Marik lagun izango ditu Tartalo, iratxoak eta beste jeinu batzuk.
 
Bi lanak 3 urtetik aurrerako umeei gomendatutakoak dira –sarrera da 3 euro–.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak