Aretxabaletako alkate Gari Iturbek egin zien ongietorria eta eskertuta agertu zen guregana etorri izanarekin. Eta bisita itzultzeko asmoa aipatu zuen.
Ekitaldiaren hasieran abuztuan hildako Txema Abarrategi lankidea izan zuen gogoan Iñaki Martinez de Lunak, Garabideko presidenteak.
Aurtengo programaren balorazioari dagokionez gustura agertu zen emandakoarekin. Parte-hartzaileak ere pozik agertu ziren hemen egindako lanarekin, eta beteta eta lanean jarraitzeko indarrarekin itzuliko direla aipatu zuten.
Aurtengo programak hamabost lagun elkartu ditu, honako komunitateetako kideak: Mexikoko nahuatlak, Yukatango maiak, Gautemalako maia kaqchikelak, Kolonbiako nasak, Ekuadorko kitxuak, Boliviako ketxuak, Argentinako guaraniak, Wallmapuko maputxeak, Haitiko creole hizkuntzaren ordezkaria eta Afrikako Ekuatore Gineako bubiak eta Marokoko Rif eskualdekoak.
Lehenengo bi hilabeteetan online egin zituzten ikasketak, eta azken hilabete eta erdia Euskal Herrian izan dira; besteak beste, 30 erakunde, enpresa, komunikabide, ikastola eta herri eragile bisitatu dituzte. Oso eskertuta agertu ziren horiekin guztiekin eta agur ekitaldian opari trukea egin zuten horietako hainbatekin.