Mentoretza programari ekin dio Debagoienean Gu Haziak Gara elkarteak

Mirari Altube Arrese 2023ko aza. 6a, 09:26

Elkarteko eta Lanbide Eskolako hainbat ordezkari, muralaren aurrean. (Argazkia: Gu Haziak Gara)

Gipuzkoako SOS Arrazakeriak Urretxindorra egitasmoa jarri du abian Debagoienean, Aretxabaletako laguntza-elkartearen babesarekin; 10 eta 14 urte arteko migratuak goi mailako ikasketak dituzten gazteekin elkartzea da helburua.

Urretxindorra izeneko mentoretza proiektua aurkeztu zuen Gu Haziak Gara laguntza elkarteak herriko hainbat eragileren aurrean, urriaren 19an. Aretxabaleta Lanbide Eskolan elkartu ziren Gipuzkoako SOS Arrazakeriak beste hainbat eskualdetan dagoeneko abian duen egitasmoaren berri emateko, eta horren lekukotza irudikatzeko mural bat margotu zuten elkarlanean. "Orain, Aretxabaletako herrian zehar hegan ikus daiteke Urretxindorraren mural pieza hori", adierazi dute Gu Haziak Gara elkarteko lagunek. Ekitaldia bukatzeko, Kolonbiako, Marokoko, Pakistango, Euskal Herriko eta beste hainbat jatorritako jakiak dastatu zituzten, musikarekin girotuta.

Denbora eskaini

Egoera zaurgarrian dauden eta 10 eta 14 urte artean dituzten migratuei bideratutako egitasmoa da Urretxindorra. "Mentoratu bakoitzak mentore bat izango du eskolako lanekin eta bizitzako beharretan lagunduko diona. Mentoreek euren denbora eskainiko dute astean behin edo gehiagotan elkartuta gaztetxoekin", azaldu dute Gu Haziak Garako kideek. Mentore izateko baldintzak dira 18 eta 30 urte bitartean izatea eta unibertsitate edo lanbide heziketako ikaslea. "Baita gogoa eta ilusioa izatea ere, ikasturtean zehar astero arratsalde bat eskaini beharko dutelako".

Bederatzi urteko bermea

Gipuzkoako SOS Arrazakeria elkarteak orain dela bederatzi urte jarri zuen abian proiektua Donostialdean, eta haiek diote erreminta horrek –frogatutako emaitzak eskuartean izanik– gizarte kohesioan, inklusioan eta ongizate psikosozialean duela onura. Orain, Debagoienera iritsi da mentoretza sozialeko egitasmoa: "2022-2023 ikasturte bukaeran programa pilotu bat jarri genuen martxan, eta haren arrakasta ikusita, helburua da aurten ikasturte osoan garatzea".

Urretxindorra egitasmoaren baitan mentore izan gura dutenendako ateak zabalik dituzte. Izena emateko edo argibide gehiago eskatzeko elkartera idatz daiteke; hona hemen helbidea: guhaziakgara@gmail.com.

Joana Manzisidor: "Pozik geratu gara programa pilotuarekin"

Gu Haziak Gara elkarteko Joana Manzisidor (Arrasate, 1982) kideak Urretxindorra egitasmoaren ardura du Debagoienean.

Gogotsu ikasturtea hasteko?

Bai, bai. Programa pilotuarekin oso pozik geratu ginen eta animatuta gaude, nahiz eta jakin urte osoko konpromisoa eskatzea ez dela erraza izango.

Zenbatek hartu zuten parte?

Bost bikote osatu genituen; mentoreak izan ziren Lanbide Eskolakoak, eta gaztetxoak, Arrasate Herri Eskolakoak bi, eta Kurtzebarrikoak, hiru.

Jarraitu egingo dute horiek?

Bikote bakarrak, gainerakoek ezin dutelako, baina Mondragon Unibertsitateko ikasle batzuk sartuko dira. Une honetan, umeen gurasoekin bilerak egiten gabiltza, ekimenaren berri emateko, eta mentore bila. Iazko kopurura iritsi gurako genuke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak