Oier Azkunagaren Lauburu taldeak Kopako hirugarren kanporaketa gainditu du

Mirari Altube Arrese 2023ko aza. 2a, 15:07

Oier Azkunaga Zaragozako taldeko jokalari baten aurrean. (Argazkia: Ataria.eus)

Ibarrako Lauburu areto futbol taldea Errege Kopako final hamaseirenetarako sailkatu da, bigarren mailan jokatzen duen Wanapix Sala 10 taldeari irabazita. Hirunako berdinketarekin amaitu zen luzapena, Oier Azkunaga Uribarri aretxabaletarrak sartutako golari esker; eta penaltietan, 5 eta 3 irabazi zioten Zaragozako taldeari.

"Sekulako garaipena" lortu zuen areto futboleko Lauburu Ibarra taldeak, martitzenean. 2. B mailan jokatzen duen Ibarrako taldeak aurrez aurre izan zuen bigarren mailan diharduen eta lehen mailara igotzeko hautagaietako bat den Zaragozako Wanapix Sala 10. Urnietan jokatu behar izan zuten baina zaleek ez zuten hutsik egin, eta "aspaldiko partidarik zirraragarrienetakoa" izan zen.

Aurkaria birritan aurreratu zen baina berdintzea lortu zuen Lauburuk bietan. Hala, binako berdinketarekin bukatu zen partidua. Luzapenean, aurkariak aurreratu baziren ere berriz, bukatzeko 39 segundu faltan Azkunagak sartutako golari esker,  berdintzea lortu zuten. Garaipena penaltietan lortu zuten, Ibarrako atezainaren bi geldiketari esker.

Oier Azkunaga Uribarri pozik, beste hiru taldekiderekin. (Argazkia: Ataria.eus)

Aretxabaletarra oso pozik agertu da: "Partidu garrantzitsua zen, bigarren mailako talde baten aurka, pozik jokatzen den horietakoa. Disfrutatzen saiatu ginen, baina batez ere, ahalik eta ondoen jokatzen. Minutuek aurrera egin ahala irabazteko aukerak ikusi genituen; baita lortu ere".

Oier Azkunaga Uribarri, Txiki, zaleen aurrean ospatzen. (Argazkia: Ataria.eus)

Hurrengoa, lehen mailako Xotaren aurka

Hurrengo kanporaketa, Koparen hamaseirenak, lehen mailan dagoen CD Xota talde nafarraren aurka jokatuko dute; azaroaren 21ean edo 22an izango da. "Ligan ez dute partidurik galdu, eta lehenengo dagoen Bartzelonaren atzetik puntu bakarrera daude. Izugarrizko ilusioa egiten digu haien aurka jokatzeak, erreferente direlako; pentsa, gaztetxoa nintzela, Eskoriatzako taldean nengoela joaten nintzen haien partiduak ikustera".

Sari bat dela gaineratu du: "Gazteontzat erakusleiho bat izango da partidu hori, goiko mailetako taldeek begirada gugan jar dezaten; hortaz, benetan aukera polita".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak