Arimak batuko dira, Gaba Baltza ospatzeko

Mirari Altube Arrese 2023ko urr. 26a, 17:53

Neska-mutikoak, su-ziriak eskuetan dituztela, Herriko Plazan elkartuta, iaz. (Argazkia: Loramendi elkartea)

Ihes gela, kontakizun ilunen lehiaketa, umeendako tailerra, kale-eskea eta beste hainbat kontu izango dira datozen egunetan Gaba Baltzaren bueltan. Ekitaldi nagusia, Arimen gaua, urriaren 31n egingo dute Herriko Plazan, dantzek, argiek eta musikak bat eginda.

Gaba Baltza sendotzeko orain dela sei bat urte abiarazitako ahaleginak fruitua eman du, eta dagoeneko jaiaren zain izaten dira umeak, gaztetxoak zein helduak.

Gaur, eguena, zabaldu dute udaletxe zaharrean kokatu duten Arimen argia izeneko ihes gela, eta azaroaren 8a bitartean 33 saio izango dira. Izen-emate epea zabaldu orduko bete dira txanda guztiak; hirugarren urtez egingo duten honek halako ikusmina sortu izanaren arrazoia azaldu du Loramendiko dinamizatzaile Ainhoa Sanchezek: "Misterioak, jokoak eta irtenbide bat topatu beharrak eragiten duten adrenalina dira gakoa. Gurea, gainera, oso etxekoa da, oso herrikoa, eta horrek ere badu xarma. Jende mordoa geratu da leku barik; hurrengo urtean izan beharko da". 17:30eko txanda guztiak 8 eta 11 urte arteko gaztetxoendako izango dira; horiek heldu batekin parte hartu beharko dute, derrigorrez. 12 urtetik gorakoak, berriz, 18:30ean eta 19:30ean sartuko dira.

Astelehenean, ostera, umeek tailerrak izango dituzte ludotekan 17:00etan; izarak eroateko eskatu diete horretarako.

Kontakizun ilunen lehiaketa

Kontakizun ilunen lehiaketa ere abian da. 16 urtetik gorakoei bideratu diete, eta formatua librea da. Orri bakarrean –PDF formatuan– aurkeztu beharko dituzte kontakizunak, eta honako helbidera bidali: euskara@ loramendielkartea.eus. Izen-abizenak eta adina zehaztu beharko dira hor. Lanak aurkezteko azken eguna urriaren 28a da, eta martitzenean, Herriko Plazan egingo den ekitaldiaren bueltan, idatzitakoak irakurtzeko aukera emango diete egileei.

Arimen gaua ekitaldia

Ekitaldi nagusia hilaren 31n izango da, eta horregatik, herria apaintzeko deia egin dute, kalabazak, kandelak eta panpinak erabilita, esaterako. 18:00etatik 19:00etara bitartean kale eskea egingo dute neska-mutikoek, koplak abestuta; hona hemen kopla: Oilarrak kukurruku ta astuek arrantza; zerbaittek aztoratute jaiki die antza! Arima txuriz bete da gure gaba baltza, hilddekuek eta bizixak, dantza eta dantza! Ekimenarekin bat egin duten komertzioek identifikagarriak izango dituzte, eta saria emango diete trukean abeslariei.

Arimen gaua izeneko ekitaldia Herriko Plazan izango da, 20:00etan. Arimen bizitza, hildakoen eta bizien arteko harremana eta beste hainbat kontu irudikatuko dituzte dantzen eta musikaren bitartez, arimek, arima-zaintzaileek eta deabrutxoek. Loramendi elkarteko kideekin batera Jaikikoek, oihal-ikuskizunekoek eta kantu poteokoek hartuko dute parte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak