Euskararen aurkako epaia toki-autonomiaren aurkakoa dela adierazi du Udalak

Mirari Altube Arrese 2023ko urr. 23a, 10:51

Aretxabaletako Udalaren bozeramaile batzordeak –EAJ eta EH Bilduko bozeramaileek osatuta–, Eudelek adostutakoren ildoari jarraituz, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak eman berri duen epaia dela eta adierazpena onartu du. Eta herritarrak gonbidatu ditu azaroaren 4an, Kontseiluak antolatuta, Bilbon egingo den manifestaziora.

Epai horrek 179/2019 Dekretuaren zati bat baliogabetu du, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legean (ETEL) aitortutako euskararen erabilera instituzionala eta administratiboa garatzeko. Ondorioz, hau adierazten du Aretxabaletako Udalak:

  1. Aurretik, Konstituzio Auzitegiaren epaian egin bezala, Aretxabaletako Udalak berretsi egin du ETELen defentsa, udal-autonomiaren eta toki-erakundeen eskumenen bermatzaile gisa, zehazki, euskararen esparruan. Legea ezinbestekoa da euskal udalek euskararekiko duten konpromisoa eta euskal udalerrietan euskararen erabileraren sustapena gauzatzeko, herritarrekin duten hurbiltasunetik abiatuta.
  2. Aretxabaletako Udalak uste du epai berri hori toki-autonomiaren aurkakoa dela, eta hizkuntza arloko udal-eskumenen garapen osoa mugatzen duela. Bereziki larritzat jotzen dugu euskara erabilera normal eta orokorreko zerbitzu- eta lan-hizkuntza dela aintzat jotzen duten dekretuaren artikuluak baliogabetzea. Funtsezko beste artikulu batzuk ere deuseztatzen dira, hala nola, kontratazio publikoan euskara baloratzeko aukera ematen dutenak edo udal-jarduerak euskaraz egin ahal izateko hizkuntza-plangintza ahalbidetzen dutenak. Alderdi horiek eta beste batzuk funtsezkoak dira herritarrek beren hurbileko administrazioarekin harremanetan jartzeko hizkuntza ofiziala aukeratzeko duten eskubidea bermatzeko.
  3. Udalek hizkuntza ofizialak ahoz eta idatziz erabiltzeko irizpideak ezin ezartzea, ez barneko ezta kanpoko mailan ere, oztopo da toki-erakundeen funtzionamenduan eta, are kezkagarriagoa, euskal herritarrei ematen dizkieten zerbitzuetan euskararen erabilera normalizatzeko. Kaltetuenak euskara gehien erabiltzen den eta ohiko hizkuntza den udalerrietako herritarrak dira.
  4. Adostasun politiko eta instituzionalak eta euskal gizartearen elkarlanak, euskal hiztunen komunitatearen bultzada borondateagatik, euskararen bizitasuna indartzea ahalbidetu du gure herri eta hirietan. Aretxabaletako Udalak egungo egoera balioan jartzen du, estatuan eta Europan hizkuntza koofizialen erabilera errazteko urratsak egiten ari baitira, eta, hori horrela, guztion artean eraikitzen joan den legeriaren bidez, hizkuntza-eskubideen garapenean aurrera egiten jarraitzeko erronka eta aukera baita.
  5. Aretxabaletako Udalak, azaroaren 4an Bilbon Kontseiluak antolatu duen manifestazioan parte hartzera gonbidatzen ditu herritarrak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak