Lasterka egiteko harra duenarendako taldea

Mirari Altube Arrese 2023ko urr. 20a, 17:10

Korrika taldeko hainbat kide kiroldegiaren aurrealdean, joan den eguaztenean.

Emakumeen korrika taldearen hirugarren denboraldia abian da eta taldea sendotuz doa; astean birritan egiten dituzte entrenamendu saioak Urkulun, bidegorrian, zein Apotzaga aldean, eta datorren urterako erronka batzuk zehazten dabiltza.

Hiru taldekide izatetik ia hamar izatera pasatu da Ibarra kiroldegiak 2021ean abian jarritako emakumeen korrika taldea. Oihane Sarasketa Iranzo (Eibar, 1991) entrenatzailearekin dihardute lanean hasiera-hasieratik, eta astean birritan elkartzen dira; aurten, astelehenetan eta asteazkenetan, 19:00etatik 19:45 inguru arte. Argibide gehiago gura izanez gero, kiroldegira jo behar da: 943 03 98 42. Bertako abonatuentzat debaldeko zerbitzua da.

Entrenamendu saio ezberdinak

Lasterka egin gura duten emakumeak batzen ditu taldeak, eta 25 eta 50 urte artekoek osatzen dute hori aurten. Talde gisa ez dute helbururik zehaztuta, norberaren gogo eta erronkak lortzen laguntzea bakarrik. Gehienek urte eta erdi inguru daroate Sarasketarekin entrenatzen, eta bilakaera bat igarri du hark: "Taldera etorri zirenenean hainbaten helburua korrikan egitea zen bakarrik, eta gaur egun, urtebete pasa daroatenean, beste erronka batzuk jarri dizkiote euren buruari; adibidez, 8 eta 10 kilometro arteko lasterketak egitea". Dena den, edonoren erritmora moldatzen direla argi utzi gura izan du: "Hasiberrienetara zein helburu zehatzekin datozenetara. Halako kasuetan hari pauta bereziak ematen dizkiot hori lortzeko". Horregatik hain zuzen, talde txikietan banatuta ere egiten dute lan egun batzuetan, erritmo ezberdinetara egokituta.

Bidegorria dute korrika egiteko ibilbidea sarritan, baina aurten beste bide batzuetara ere jo dute, aldatzen joatea delako asmoa. Horregatik, Urkulura igo izan dira hainbatetan, Eskoriatzara bidean dauden tirolinen parke inguruan lasterketa teknikak ikasi dituzte, eta Apotzagarako bidean aldapak landu.

Lasterketatarako gertu

Epe motzera begirako talde-erronkarik ez dute, baina ideia asko agertu direla adierazi du Sarasketak: "Lilatoian eta Otala Zelaiko krosean hainbat taldekide izan ginen iaz, eta horietan egon gurako genuke. Horrez gain, batzuk mendian hasteko ere animatuta daude, eta Gabez Takarraran lasterketa aipatu da".

Oihane Sarasketa, entrenatzailea

"Talde irekia da, edonoren mailara egokitzeko"

Lasterketan eskarmentu handia du –Otala Zelai krosa irabazi du aurten– eta hiru urte daroatza Ibarra kiroldegiko korrika taldea gidatzen.

Emakumeari oraindik kosta egiten zaio bidegorrira irtetea?

Bai, eta talde hau horren adierazle da. Beldurragatik edo lotsagatik korrikan egitea kosta egiten zitzaienak animatu dira, taldeak ematen duen babesari esker.

Eta oztopo horiek gainditu dituzte?

Txapelketatan parte hartzeko beldurra ere badago, eta taldean ikasten da denok garela gai helmugara iristeko edozein izanda ere denbora, helburua ondo pasatzea delako.

Hortaz, edozeinendako duzue lekua?

Bai, noski. Taldea irekia da, eta edonoren mailara moldatzen gara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak