Azaroaren 30erako deitutako greba feminista orokorra antolatzeko lehen bilera mistoa urriaren 9an egin zuten, eta 25 bat lagun elkartu ziren, besteak beste, mugimendu feministako kideak, gazte mugimendukoak, sindikatutako ordezkariak eta herriko zenbait eragile. Greba horren helburu nagusiak zeintzuk diren azaldu zituzten –joan den asteburuan Hernanin aurkeztutakoak–, besteak beste, zaintza duinaren unibertsaltasuna eskubide gisa aitortzea eta bermatzea, zaintza sistema publiko-komunitario bat garatzea, zaintza zerbitzuen pribatizazioa amaitzea eta zaintzeko denborak bermatzea, pentsio duinak ziurtatzea, eta lanen banaketa sexual eta arrazista bertan behera uztea.
Elkartutakoek zehaztu zituzten azaroaren 30era bitarteko egitekoak, bereziki, gaia komunikatzeko eta sozializatzeko egin beharreko pausoak. Informazioa zabaltzeko hainbat ekintza antolatuko dituzte herrian datozen asteetan, eta lantegi, enpresa eta zerbitzuetako langileekin harremanetan jarriko dira.