Kuarteleko doinuak kalera atera dituzte

Iñigo Barrena Kortabarria 2023ko urr. 15a, 12:09

'Kuartela Herrira!' ekimena ospatzen hasi dira Aretxabaletan, herriko txoko ezberdinetan, kuarteleko sortzaileen musika emanaldiekin

Hilabete guztian zehar programatu dituzte kontzertuak, baina ekimenari asteburuan eman diote hasiera. Egun guztiko egitaraua izan dute, eguerdian elkarrekin poteo musikatua, ondoren bazkaria herriko plazan eta arratsaldean zehar kontzertuak herriko toki ezberdinetan.

Guztira 50 lagun inguru bildu dira bazkarian eta antolatzaileek aitortu dute erantzun "ona" izan duela lehen egunak. Hain zuzen ekimena martxan jarri zutenean talde asko agertu ziren parte hartzeko prest, eta, horren ondorioz, Kuartela Herrira! ekimena hiru asteburutan banatu behar izan dute. Lehenengo honetan, Jo ta Be, Los del Garaje, Kaparrak, Youth United eta Dj Karapaixo izan dira kontzertua eman dutenak. Gainera konzertu denek herritarren arreta bereganatu dute, jende ugari hurbildu delako hauek ikustera.

Hain zuzen, antolatzaileen aldetik, musika estilo ugari izateak ekimena aberasten duela uste dute, eta, herritarrei gonbita ere luzatzen diete konzertuetara gerturatzeko. "Ekimenaren aberastasun handiena musika aniztasunean dago. Talde ezberdin asko eta doinu ezberdin ugari entzun daitezke. Horregatik jendeari kontzertuetara etortzeko deia egiten diogu, bakoitzak gustuko duen zerbait aurkituko duelako" dio Andoni Lapuerta ekimenaren antolatzaileetako batek.

Datorren asteburuan, Orei, Berandu baino lehen eta Hiru leño taldeen kontzertuak egongo dira Portasol inguruan. Urriko azken astebururako, berriz, ekimenarekin batera atera duten Kuartela diskoaren aurkezpena egingo dute Mitarte kalean. Horretaz gain, Bixentak, Txerrikumeak, Eten eta BRGS & Margu Mission taldeen doinuak entzuteko aukera egongo da.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak