Zerga eta tasa gehienak %2,6 igoko dira, ura eta zaborra %5 eta kiroldegiko abonuak %7,6

Mirari Altube Arrese 2023ko urr. 12a, 10:30

Ordenantza fiskalak orokorrean %2,6 igotzea onartu zuen udalbatzak aho batez, martitzenean egindako ezohiko osoko bilkuran. Urak eta zaborrak, ostera, %5eko igoera izango dute, eta kiroldegiko abonuek, %7,6koa.

Udal tasak eta zergak "%2,6 eguneratzea" izan zen Udal Gobernu Taldearen proposamena. Hala azaldu zuen Gari Iturbe alkateak: "Kopuru hori egungo KPIaren araberakoa da, eta zerbitzu publikoak mantentzea eta prezioen igoera nabarmenari aurre egitea ahalbidetuko du, betiere, fiskalitate justuagoan sakonduz".

Zaborra eta ura, %5 gora

Zaborrak eta urak, ostera, %5eko igoera izango dute. Alkateak gogorarazi zuen hondakinei buruzko lege-esparruak udalei eskatzen dietela hiri-hondakinak biltzeko sistema ez izatea defizitarioa. Aretxabaletaren kasuan, 2023ko aurrekontuetan 85.000 euroko defizita sortu zuen zerbitzu horrek: "Horregatik, eta defizita gutxitzeko udalbatza osoak orain dela zortzi urte hartutako konpromisoari jarraituz, aurten hondakinen tasa %5 igotzea proposatu da".

Urarekin beste horrenbeste gertatzen dela aipatu zuen: "Eguneroko kudeaketaz gain sortzen diren inbertsio beharrak estali behar dira". Inbertsioen artean aipatu zituen kontagailuen digitalizazioa, sarearen modernizazioa eta ur-ihesak gutxitzea.

Kiroldegiko igoera %7,6koa

Kiroldegiko tasen kasuan igoera handiagoa izango da. Horren arrazoia da Euskadiko Auzitegi nagusiaren sententzia batek ebatzi izana ez dela legezkoa herrian erroldatutako eta ez erroldatutakoen arteko abonuak ezberdinak izatea. "Horregatik, prezioak berdintzera derrigortuta gaude. Eta egoera ikusita, diru sarrera kopurua mantentzeko, gobernuaren proposamena izan da prezioen orekatze bat egitea". %5eko igoera onartu zuten horretarako, eta horri gehituko diote KPIa, hau da, %2,6.

Hobariak

Hainbat zerbitzutako tasetan diru sarreraren araberako hobariak daude jasota. Datorren urtetik aurrera Pausoka haurtzaindegian taula bera aplikatzea onartu zuten: "Progresibitatea ahalik eta zerbitzu eta tasa gehienetara zabaltzea da Udal Gobernu honen helburua eta hurrengo urtetan garapen horrekin jarraituko dugu".

Era berean, Iturbek adierazi zuen familia gutxi direla orain arte hobaria eskatu
dutenak eta kanpaina berezi bat abiatuko dela horien berri zabaltzeko.

EAJren aldeko botoa

Proposatutako ordenantza fiskalen alde bozkatu zuen Euzko Alderdi Jeltzaleak.  "Orokorrean aplikatzen diren eguneratzeak aurreko legealdiko planteamenduekin bat datoz eta aldeko jarrera azaldu dugu ez ohiko osoko bilkuran. Diru sarrerak bermatu beharra daudela uste dugu gaur egungo zerbitzuei eutsi eta proiektu berriei aurre egiteko" zioen Mikel Uribetxebarria bozeramaileak eta gaineratu zuen: "Herritarrei esfortzu hau eskatzen diegun momentutik, Udal Gobernuari are handiagoa eskatu behar zaiola uste dugu. Oposizio talde garen aldetik datozen aurrekontuetan jarraipen zorrotza egingo dugu diru sarrera horiek eraginkortasunez kudeatuak izan daitezen".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak