Ixotu!, euskararen argia zabaltzeko gertu

Mirari Altube Arrese 2023ko urr. 2a, 10:32

Euskara taldeko kideak Villabonako topaketen berri jasotzen, zapatuan. (Argazkia: Ixotu!)

Iazko abenduan sortu zuten gazteek osatutako euskara taldea, eta ordutik dihardute lanean euskaraz jarduteko espazioak sortzen eta herritarren kontzientzia pizten; Euskaltzale Independentisten Topaketetan hartuko dute parte urriaren 7an, Villabonan.

Iazko abenduan aurkeztu zuten Ixotu! euskara taldea herriko zazpi bat gaztek, eta ordutik, martxa hartzen dabil. Atxabaltako Gazte Mugimenduaren baitan antolatutako gazteak dira, baina azaldu dute talde independentea dela. Loramendi elkartearekin ere badute harremana, bereziki ekitaldiak antolatzerakoan. Horren adibide da urriaren 12an egingo duten ibilaldi historikoa –08:30ean abiatuta Herriko Plazatik–; Zaraia mendilerrora, Kurtzebarriko haitzen artera, joango dira bertako parajeak ezagutzeko eta han gertatutako pasarteak gogora ekartzeko.

Espazioak sortu

"Gazteek sortutako euskara talde bat izatea Aretxabaletan garrantzitsua iruditu zitzaigun; herrian zegoen hutsune bat bete gura izan dugu", diote bertako kideek, eta hau gaineratu dute: "Horregatik, gure helburua da gazteei eskaintzea euskaratik eta euskararako sortutako espazioak, euskararen arnasgune izango direnak. Lehen pausoa izan da hori, eta bigarrena, kontzientziazio prozesu bat abiaraztea herrian, jendearen proaktibotasuna pizteko".

Adierazi dute EAEko herri askok bizi duten errealitatea dela Aretxabaletakoa: "Historikoki nahiko herri euskalduna izan da, baina erabilera urtetik urtera jaisten dabil, poliki-poliki. Ez da ezagutza kontua, erabilera kontua baizik. Ez da beste herri batzuetan bezain larria egoera, baina bai adi egotekoa".

Villabonako topaketa

Euskaltzale Independentisten Topaketak antolatuko ditu Euskal Herrian Euskarazek (EHE) urrirako, Villabonan, eta han izango direla aurreratu dute. "Joan den zapatuan militante bat etorri zen azalpenak ematera, eta EHEren urteotako bilakaeraren berri eman zigun". Ixotu!-ko kide batzuk joango dira topaketetara, eta hilaren 7ko lanketetan hartuko dute parte: "Euskararen errepublikaren gaia jarriko da mahai gainean, eta horretarako, Amets Aranguren, Lorea Agirre, Amets Arzallus eta Eneko Bidegain izango dira". Euskalgintzaren erronka berriak aztertzea dute helburu topaketa horiek, besteak beste.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak