Taldea sortzeko ideia duela lau bat urtetik zeramaten buruan Kaparrak taldeko kideek, baina aurtengo udara arte ez dute eman taldeari forma emateko aurrerapausoa. Kuadrillako bederatzi lagun elkartuta sortu zuten taldea. Beharrezko instrumentuak lortu ostean, ekin zioten entseguei. Gitarra dute erdigunean, baina kaxa, baxua, turutak eta marakak ere jotzen dituzte.
Runba "abstraktua"
Runba aldarrikatzen dute, nahiz eta taldekideek "runba abstraktua" deitzen dioten haiek egiten dutenari. Erreferente gisa hainbat talde dutela ere aitortu dute: "Los Delinqüentes taldea da gure erreferentziazko taldeetako bat, baina, gurera etorrita, Euskal Herrian asko entzuten hasi den Lizarrako Raimundo el Canastero edo herri mailako Jotabe taldeak ere gustatzen zaizkigu". Abesti gehienak Los Delinqüentes taldearenak dira, baina badituzte euskarazko lau bat abesti ere. Guztiak beste talde batzuen bertsioak badira ere, guztiei beste "ukituren bat edo beste" sartzen saiatzen dira "letra zatiren bat aldatu eta gure gauzak sartuz".
Sanmigeletan "debuta"
Datorren asteko egubakoitzean izango dira estreinakoz oholtza gainean, eta taldekideek diote ez zutela espero "horrenbeste jenderi iristea mezua". Agertokian asko gozatuko dutela zalantzarik ez daukate eta, beraz, haien helburua da "ikuskizun ona ematea eta bertaratuko den jendeak ere guk gozatuko dugun bezain beste gozatzeko aukera izatea".
Sorpresak egongo dira
Taldekideek iragarri dute bai kontzertuaren hasieran, baita amaieran ere, "sorpresa bat baino gehiago" izango dutela prestatuta. Haietaz gain beste inor oholtzara igoko den ez dute argitu nahi izan: "Kolaboraziorik egongo den edo ez, ikusiko da. Bertara joan beharko da jakiteko ea gutaz gain beste inor igoko den eszenatokira, ez den inor gehiago igoko, edo zer gertatuko den".