Txapelak berresteko asmotan?
Oso zaila izango da. Iazko garaipena oso polita izan zen, baina egoera berezi baten lortutakoa. Aizkolari onenak ez ziren lehiatu, besteak beste, Iker Vicente eta Aitzol Atutxa, eta horrek erraztu egin zuen txapela lortzea. Bada, aurten Vicente egongo da, eta bera da aizkolari onena. Hortaz, konplikatua izango da.
Maila bat gorago dago?
Bai. Nik egun biribila izan beharko nuke eta lan bikaina egin, eta Iker Vicentek egun txarra izan. Eta, hala ere, zortea beharko nuke txapeldun izateko.
Zein izango zure helburua orduan?
Iazko txapelketan egindako denbora eginda ere, ez da nahikoa izango Vicente mendean hartzeko. Baina, iazko txapelketako denbora hobetzen badut, helburua beteko nuke.
Baina egungo txapelduna izateak ez dizu nolabaiteko presiorik eragiten?
Txapela defendatzea tokatzen zait, baina garbi daukat aizko lari onena beste bat dela. Ez daukat presiorik, egia esan.
Ze ezaugarri behar ditu aizkolari on batek?
Ordu asko eta sakrifizio handia eskatzen dituen diziplina da. Etengabeko ikaskuntza bat. Arlo fisikoa, psikologikoa, aizkora ondo zaindu, norbere neurri eta ezaugarrietara egokitu... Lehiatzeko egunaren aurretik eta ostean lan handia eskatzen duen kirola da: egurra prestatu aurretik eta su-egurrak egin ostean.
Ernesto Ezpeleta Bihurri-ren semea zara. Aita eta entrenatzailea. Nola kudeatzen da hori?
Aita erreferente bat da niretzat. Bide ezberdinak jarraitu ditugu: nik txapelketen bidea hartu dut eta aitak erakustaldiena. Baina nire entrenatzailea da, eta txapelketatan, nire laguntzailea ere bai.