Ainara Urrutia eta David Rua garaile, Ikazkin Trailen bigarren edizioan

Iñigo Barrena Kortabarria 2023ko ira. 9a, 16:56

Emakumezko eta gizonezko lehen hiru sailkatuak podiumean. Argazkia: Iñigo Barrena

Korrikalari aretxabaletarrak (2.12.21) bigarren urtez jarraian jantzi du txapela etxeko lasterketan, sasoiko dagoela erakutsiz. Gizonezkoetan, David Rua elorrioarra (1.51.57) izan da lehena helmugaratzen Durana kalean.

Lehenengo edizioak utzitako ahozapore ona errepikatzeko asmoa zuten Ikazkin Traileko antolatzaileek eta bete betean asmatu dute, beste behin. Goizeko lehen orduan eguraldiak zaparrada batekin ezustekoa eman duen arren, berehala argitu da zerua eta beroa izan dute protagonista irteeran batu diren 168 korrikalariek. Areantzatik gorako maldatan gogotik sufritu behar izan dute lasterkariek Kurtzebarriko gurutzera iritsi aurretik, eta, beheruntz gainera, ibilbideak izan dituen aldaketa txikiek ere buruhauste bat baino gehiago eman die parte hartzaileei.

Bihotzari kasu eginda, garaile bigarrenez

Duda askorekin eta azken unera arte zalantzan egon da Ainara Urrutia, iazko garaileak, parte hartuko zuen edo ez. Bihotzak baietz esaten zion, baina buruak berriz ez; bihotzari kasu eginda, etxeko lasterkera bigarren urtez jarraian irabaztea lortu du Urrutiak, aurretik dituen erronkei begira sasoiko dagoela erakutsiz. "Ez neukan parte hartzeko asmorik, hurrengo astean maratoi luze bat dudalako, baina azkenean animatu egin naiz. Ez dut asko arriskatu eta gustura nago egindako lanarekin" aitortu du Urrutiak. Era berean etxeko lasterketari ezetzik ezin zaiola adierazi du Urrtutiak: "Urtean zehar kanpoan aritzen gara, eta behin etxean lehiatzeko aukera dugula kontuan hartuta, babesa eman behar zaio aurrera jarraitu dezan".

Nagusitasun osoz eraman du txapela urrutiak, bigarrenari hamar minutu aterata gainera. Hain zuzen, bigarren sailkatua ere aretxabaletarra izan da, Garazi Abasolo, iaz hirugarrena izan zena. Beretzat ere etxeko lasterketa "berezia" dela aitortu du eta iaz lortutako postua hobetzearekin ere "pozik" agertu da. "Senstazio oso onak izan ditut eta asko gozatu dut gaurko lasterketa" aitortu du Abasolok. Podiumeko hirugarren kaxoira, berriz, Leire Olazabal debarra igo da.

Lehenengo hiru neskak podiumean. Argazkia: Iñigo Barrena

Sailkapenak emakumezkoak: 
  1. Ainara Urrutia. Aretxabaleta. (2.12.21)
  2. Garazi Abasolo. Aretxabaleta. (2.22.55)
  3. Leire Olazabal. Deba. (2.29.37)
  4. Ainhoa Oyanguren Aramaio. (2.37.58)
  5. Ane Alonso. Aramaio. (2.38.56)

Lehenengoa Ruarentzat

Gizonezkoetan lehia estuagoa izan da emakumezkoenarekin alderatuz. Urkulura bidean hiru korrikalariz osatutako taldetxoa egin da eta Areantzako maldatan gora ere hauek aritu dira, tartean David Rua garailea zela. Kurtzebarrin ordea Rua zertxobait atzeratuta gelditu da. Bere esanetan "indarrak neurtzeko" egin du, eta jokaldia borobila irten zaio. Jaitsieran lehen biak harrapatzea lortu du eta azken kilometroetan, hankatan indarrik gabe ia, azken esfortzua egin du, aurkariei aurrea hartu eta Durana kalean bakarrik helmugaratzeko. Sentsazio kontrajarriak izan dituen arren, "oso pozik" zegoela aitortu du Ruak: "Helmugan besoak altxatu ditudanean oso pozik negoen, baina lasterketan zehar sentsazioak ez dira oso onak izan, nekatuta nengoelako. Egoerari buelta ematea lortu dudan arren, azken kilometroetan bigarrenak ni harrapatzeko beldurra nuen eta azken esfortzu bat egin dut".

Bigarren sailkatua, mendi horiek ondo ezagutzen dituen Asier Azkarate arrasatearra izan da. Irabazleak baino hiru minutu gehiago behar izan ditu helmuga zeharkatzeko eta amaiera "gogorra" egin zaion arren, lagunen eta ezagunen babesa "ikargarria" izan dela aitortu du. "Lagun guztiak etorri dira eta leku ezberdinetan animoak ematen egon dira. Gainera, etxe inguruan lehiatzeak ere sekulako indarra ematen du" aitortu du Azkaratek. Minutu bat beranduago gurutzatu du helmuga Beñat Arnaiz aretxabaletarrak. Arnaizen kasuan helburua, pdoiumean izatea baino, lasterketaz gozatzea zen. "Gogotsu nengoen lasterkea hau egiteko. Herri mailako lasterketa bat falta zen eta behin antolatu dutela ikusita, egin beharra nuen".

Lehen hiru gizonezkoak podiumean. Argazkia: Iñigo Barrena

Sailkapenak gizonezkoak: 
  1. David Rua. Elorrio. (1.51.57)
  2. Asier Azkarate. Arrasate. (1.54.16)
  3. Beñat Arnaiz. Aretxabaleta. (1.55.42)
  4. Dani Lopez. Gasteiz. (1.56.43)
  5. Ekain Larrea. Antzuola. (1.58.03)

Sailkapen osoak hemen

Antolatzaileak "pozik" beste behin

Parte hartzaile kopurua igota, lehen edizioa arrakasatsua izan zela zalantzarik ez dago, eta bigarrena ere bide beretik joan da. Antolatzaileak "gustora" agertu dira Ikazkin Trailen bigarren edizioak emandakoarekin, eta, batez ere, esker oneko hitzak izan dituzte lasterketa aurrera eramaten lagundu dutenentzat. "Korrikalari gabe ezin da lasterketarik egin, baina bolondres gabe ere ez. Hori dela eta eskerrak eman nahi dizkiegu laguntzen egon direnei, eta, esan, hurrengo urtean ere bertan espero ditugula" adierazi du Dorleta Ezeiza antolakuntzako kideak.

Harmailatik berezia astelehenean

Astelehenean, Harmailatik saioak tarte berezia eskainiko dio Ikazkin Trail lasterketak eman duenari, irudi eta adierazpenekin (21:30, Goiena telebista).

Erlazionatuak

Ikazkin Trail, mendiko irudiak

Mirari Altube Arrese 2023 ira 10 Aretxabaleta

Ikazkin Traileko helmugako irudi onenak

Iñigo Barrena Kortabarria 2023 ira 09 Aretxabaleta

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak