Txarapea ibilbideko bizilagunak jaiak antolatzeko lanetan buru-belarri dabiltza azken hilabeteetan. Irailaren 16an, zapatua, ospatuko dituzte eta dagoeneko zehaztu dute egitaraua. Umeendako jolasak –Loratuk gidatuta–, kirol ekitaldiak, kontzertuak eta herri bazkaria izango dira, besteak beste. "Egitarau zabala egin gura izan dugu adin talde guztien gustuak ase nahian. Eta bereizgarria da Txarapean bizi den norbait dagoela inplikatuta jarduera guztietan", adierazi du antolatzaileen taldeko kide den Eneritz Urrutiak.
Irailaren 12ra arte txartelak
Herri bazkariaren oinarria paella izango da eta borobilduko dute postrearekin eta kafearekin. Hori kozinatuko dute eskarmentu handia duten herriko sukaldariek. Txartelak dagoeneko salgai daude honako taberna hauetan: Exprex, Dorleta eta Urbaltz. Erosteko azken eguna irailaren 12a, martitzena, izango da. Haur, gazte eta langabeek 10 euro ordaindu beharko dute eta gainerakoek, 15 euro. "Edonor etorri ahal izango da eta ez dago kopuru mugaturik".
Txosna ere bai
Jaiak ospatuko dituzte berdegunea dagoen kurbatik lehenengo garajera bitartean. Itxi egingo dute gune hori ekitaldiak egiteko eta txosna jarriko da han: "Izan ere, ez dago tabernarik gure kalean". Txarapeako bizilagunei laguntza ekonomikoa eskatu diete eta Udalaren babesa ere jaso dute. Aurten egun bakarreko jaia izango da baina "geratzeko" dator eta "hazten joateko gogotsu", gainera.