Kuku Mikuren parte izateko gonbidapena

Mirari Altube Arrese 2023ko ira. 11a, 10:01

Heldu bat eta haur batzuk jolasean Kuku Mikuren egoitzan. (Argazkia: Kuku Miku)

Hastear den ikasturterako bazkidetza kanpaina jarri du abian herriko hainbat familiak osatutako Kuku Miku elkarteak; izen-emate epea irailaren 11tik 24ra izango da zabalik, eta hilaren 12an ate irekiak egingo dituzte Potx magoaren ikuskizunak girotuta.

Kuku Miku guraso elkartea hasi da 2023-2024 ikasturtea gertatzen eta bazkidetza kanpaina jarri du abian. Aretxabaletako 0 eta 6 urte bitarteko haurrak dituzten familiei zuzendutako topagunea da, eta dagoeneko hamabigarren ikasturteari ekingo diote.

Izena emateko epea hilaren 11tik 24ra bitartean izango dute zabalik –kukumikuelkartea@gmail.com–. Eta Durana kalearen atzeko partean duten egoitza ezagutzeko eta hango jardueren berri emateko ateak irekiko dituzte martitzenean, hilaren 12an; gainera, Potx magoa gonbidatu dute hara, 17:30etik 19:00etara, egonaldia girotzeko.

Familiak protagonista

2012an zabaldu zituen ateak Kuku Mikuk hainbat gurasoren eskutik eta osasuntsu jarraitzen duela adierazi du Eneko Barberena Mondragonek, zuzendaritzako kideak: "Lortu genuen pandemia bezalako une zail bat pasatzea eta egun osasuntsu gaude. Dena den, beti da erronka handia lan boluntario hutsez jarduten duen elkarte bat bizirik mantentzea". Iaz 51 familia izan ziren bazkide, eta aurten antzeko kopuru batera iristea espero dute.

Urtean zehar hainbat ekintza antolatzen dituzte: hitzaldiak, ikastaroak… "Haur eta familiok ondo pasatzeko izaten dira, baita heziketan lagungarriak izan daitezkeenak ere. Bestalde, lokalaz gozatzeko aukera ere badugu", azaldu du. Lokala, poliki-poliki haurren beharretara egokitzen dihardutela gaineratu du, "material desberdina sortuz eta lortuz".

Horrez gain, hilero zerbait antolatzen ahalegintzen dira: "Bazkideen inplikazio eta motibazioaren arabera gauza gehiago edo gutxiago antola litezke urtero". Barberenak gogorarazi du autoantolatutako gunea dela eta familien inplikaziorik gabe ez lukeela aurrera egingo: "Zuzendaritza batzordean, ekintzen antolaketan, materialaren arduran edota garbiketan bertan familiak gara protagonista".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak