Ixadebalde azoka, denboraldia borobiltzeko aukera

Mirari Altube Arrese 2023ko ira. 8a, 10:10

Herritar bat arropari begira denda baten aurrealdean.

Atzo, irailak 7, eman zioten hasiera 25. merkealdien azokari Aretxarte elkarteko kideek, eta zazpi komertziok zapatu eguerdia bitartean izango dituzte uda eta udaberri sasoiko produktuak denden aurrealdeetan, herritarren eskura.

Udaberri eta uda sasoian saldu barik geratutako jeneroa kalera atera dute Aretxarteko hainbat merkatarik. Atzo, eguena, abiarazi zuten Ixadebalde azoka, eta bihar arte merkatutako produktuak eta maukak izango dituzte herritarren eskura honako dendek: Asensio, Kilima, Tak, Amaia ume denda, Belar Meta, Hankabeltz eta Almila Shop. Gaur, egubakoitza, goizez –10:00-13:00– eta arratsaldez –17:00-20:00– izango da erosteko aukera, eta bihar, eguerdia bitartean –10:00-14:00– . Saltokien aurrealdeetan izango dituzte arropak, oinetakoak, osagarriak eta beste hainbat produktu herritarrek ikusi, ukitu eta eros ditzaten.

100 euroko bonuak

Bezeroak eskertze aldera, 100 euroko hiru bonu zozketatuko dituzte, gainera. Azoka bukatutakoan, zapatu eguerdi aldera, egingo dute zozketa.

Irudirako, lehiaketa

Bestetik, poltsak banatu gura ditu Aretxartek bezeroen artean datozen hilabeteetan eta bertako irudia aukeratzeko lehiaketa deitu du. Irudia komertzio txikien aldekoa izango da, eta irabazleak 100 euroko bonua jasoko du. Parte hartu ahal izango dute 16 urtetik gorakoek, eta marrazkia, honako helbidera bidali beharko dute: aretxarteelkartea@gmail.com. Horretarako azken eguna irailaren 15a da.

Amaia ume denda, azkenekoz

Betiko itxiko ditu ateak hilabete honetan Amaia ume dendak, eta han duen jeneroa kentze aldera Ixadebalden ari da parte hartzen egunotan, eskaintza ezin hobeekin. 2012an ireki zuen denda Amaia Elortza Billar aretxabaletarrak eta hamaika urteko ibilbide polita izan dela adierazi du: "Oso aberasgarria izan da, ondo joan den artean. Jendearekin izandako gertuko hartu-emana nabarmenduko nuke; hori izan da politena". Pandemiak eta Ukrainako gerrak merkataritzari ez dietela onik egin dio, baina ez du uste horiek izan direnik itxi beharraren arrazoi nagusiak: "Nire kasuan, behintzat, ez dira faktorerik garrantzitsuenak. Kontsumitzeko ohitura aldaketa handia egon da, Internet bidez asko erosten da orain eta zuzeneko salmentak behera egin du".  

Urriaren 1ean beste baten eskuetan geratuko da lokala. Aurreratu du arkitektura eta diseinuarekin zerikusia duen negozio bat zabalduko dutela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak