Ikazkin Trailen bigarrena, parte-hartze hobearekin

Xabier Urtzelai 2023ko ira. 8a, 12:30

Ainara Urrutia, iaz, Arientzatik gorako tartean; aurten aldaketak izango dira hor.

Bihar, zapatua (10:00) egingo dute Aretxabaletako mendi lasterketaren bigarren edizioa. Iaz baino 42 lagun gehiagok eman dute izena (168); gogortasunean eragin barik, ibilbidean aldaketa txikiak egin behar izan dituzte.

Ikazkin Trailek bigarren urtean gora egin du lasterkarien parte-hartze kopuruan. Lehenengo edizioan 125 korrikalari batu ziren irteera puntuan, eta bihar, zapatua (10:00) 168 lagunek hasiko dute lasterketa Durana kalean. "Ea datorren urtean 200 animatzen diren", dio umorez antolaketa taldeko kide Julen Ezeizak. Datuei erreparatuta, lasterkarien %60a debagoiendarra da –Arrasatekoak 35, Aretxabaletakoak 26, Oñatikoak 13, Bergarakoak 12, Eskoriatzakoak 9, Aramaiokoak 3, eta Antzuolako eta Elgetako bana– eta kanpotik datozenen artean iazko irabazle Aitor Zunzunegi ez da proban egongo. 

Emakumezkoei dagokienez guztira 19 batuko dira irteeran, eta Ainara Urrutiak, iazko azkarrenak, egunotan erabakiko du lasterketan esku hartu ala ez. Urrutiari bihotzak baietz esaten dio, eta buruak ezetz, datorren astean Italiara joan behar duelako mendi maratoia egitera. Ezeizak adierazi du, badaezpada, dortsala gorde diotela.

Aldaketa txiki batzuk ibilbidean

Antolatzaileek aldaketa txiki batzuk egin behar izan dituzte bidean: "Kurtzebarrira igotzeko Areantza gainean ez dugu iazko pinudia zeharkatuko. Ondorioz, igoera apur bat luzatu dugu eta 21,5 kilometrotako distantziari eutsi gura genionez Degurixa inguruan tarteren bat laburtu egin dugu. Ez genuen lasterketa gogortu nahi herri mailako lasterkariak etortzea nahi dugulako, eta aldaketak egin ezean probak 23 kilometro pasa izango zituen. Ibilbidearen %95a iazkoa da". Azkarrenak bi ordu baino gutxiago beharko ditu helmugara iristeko. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak