Eibar erraztasun handiz nagusitu da gaur eguerdian Ibarran jokatutako partiduan. Atzeko lerroan serio, eta erdian sendo, Alavesek baloia jokoan jartzen zuen bakoitzean presio itogarria egiten zuten armaginek, eta ezinean ibili dira Elene Errasti aretxabaletarraren taldekideak. Atzean egindako zenbait akatsek ere ez dute lagundu, eta partidua hasi eta lehenengo minutuetan jasotako bi golek norgehiagoka goitik behera baldintzatu dute, arabarrak saiatu badira ere, ezinean ibili direlako. Baloi geldiko jokaldiren baten eta urruneko jaurtiketa isolaturen bat, aukera horiek izan dituzte Alaveseko ordezkariek. Osterantzean, baloiaren jabetza, eta bost gol egiteko gaitasuna Eibarrek izan du.
Partiduko anekdota bigarren zatian etorri da, aske zegoen txakur batek berdegunera salto egin duelako eta epaileak partidua 15 minutuz geratzeko beste aukerarik izan ez duelako. Ez da garbi geratu jabea futbol zelaian ote zegoen, eta nahikoa lan izan dute txakurra kirol instalazioetatik ateratzeko. Txakurrak errurik ez, jabeak, ordea...
Eta hor galdutako minutuak errekuperatzea beste aukerarik ez da egon, eta ordurako markagailuak erakusten zuen aldearekin, ikusleei luzea egin zaie norgehiagoka 115 minututik gora egon direlako bi taldeetako ordezkariak berdegunean.
Egun berezia izan da Elene Errastirendako, partidua amaitutakoan etxeko zaleek babesa erakutsi diote jokalari aretxabaletarrari, baina GOIENAri aitortu dio berdegunean ez dutela neurria eman, eta penatuta zegoela, nahiz eta saiatu diren bertsiorik onena erakusten.