EAJko udal taldeak ohar bidez adierazi duenez, aurreko legegintzaldian Gipuzkoako Foru Aldundiko Zaintza eta Gizarte Politiketako Sailarekin "lankidetza estuan" hasitako hartu-eman baten ondorio da diru laguntza hau, uste baitute proiektu "estrategikoa" dela herriarentzat. "Gure taldeak legegintzaldi honetarako lehenetsitako jardueren artean dago. Aretxabaletan zaintza komunitarioen eredu berri bat garatzea du helburu, adinekoak etxean edo etxean bezala sentitu daitezen".
Beraz, nabarmendu dute legealdi honetan ere adinekoentzako zentro berria "errealitate" izan dadin lanean jarraituko dutela.
Lanen jarraipena
Iazko azaroaren amaieran hasi ziren komentu zaharrean lanekin. Urdinberri-Viuda de Sainz-Gerte enpresek osatzen duten aldi baterako enpresen elkarteari eman zion lanen ardura Udalak, 2.093.080 eurotan, eta urtebeteko epea dute bukatzeko. Asmoa da adinekoentzako gizarte zentroa egokitzea, eta baita inguru guztia txukuntzea ere, hala nola eraikinaren alboko zubia eta urbanizazioa.