UDA elkarteko kideek jakinarazi dutenez, "tamalgarria" da hartu duten erabakia, baina nabarmendu dute "oinarrizko txirrindularitza kinka larrian" dagoela. "Gipuzkoako Txirrindularitzak salatu nahi du Trafikotik jarri dituzten trabak lasterketak antolatzeko eta agintari politikoek arazoari irtenbidea bilatzeko izan duten ezgaitasuna".
Irailaren 24an zen amaitzekoa denboraldia, baina, azkenean, bihar izango da 23 urtez azpikoen eta elite mailako txirrindularien azken lasterketa, Oiartzunen (Gipuzkoa). Ondorioz, adierazi dute Gipuzkoako ziklistek ezingo dutela lurraldetik kanpo lehiatu, eta ezta junior mutilen selekzioak Frantzian ere. Are gehiago, kadete eta junior nesken selekzioak Portugalera joan behar zuen lehenengoz, baina hori ere bertan behera gelditu da.
Federaziotik, beraz, azaldu dute "Gipuzkoako txirrindularitza bigarren mailakoa" sentitzen dela Arabarekin eta Bizkaiarekin alderatuz gero. "Egoera negargarri honen erantzukizuna harrobiko kirolak molestatzen dienena da".
Udalak ere bat egin du
Aretxabaletako Udalak, UDA elkartearekin batera, gertakarien inguruko iritzia eman du. Babes "osoa" adierazi dio Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioari, eta nabarmendu du "elkartasuna eta antolaketa" direla sarritan irtenbide "horrelako egoera korapilatsuetan".
Era berean, kezka eta haserrea adierazi ditu: "Aurten ez da andramaixetako lasterketarik egongo eta herriak galduko du, baina batez ere txirrindularitzak (...) Hamaika boluntario eskatzen dituzten probak dira, prestaketa eta esfortzu handia eskatzen dutenak, eta ez da inolaz ere bidezkoa horrela bukatu behar izatea". Are gehiago, uste dute Araban eta Bizkaian ez dela horrelako egoerarik izan, eta ezta "konplexutasun handiagoko bestelako lasterketa garrantzitsuak ospatzeko ere".
Hala, Udalak eta elkarteak konpromisoa hartu dute Eusko Jaurlaritzako Trafiko zuzendaritzarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol sailarekin harremanetan jartzeko. "Erabaki guztiz zentzugabe hauen aurrean, gure hasarrea adierazi eta konponbide bat bilatzeko".
Herrian hilaren 16rako ekintza bat ere antolatuko dutela jakinarazi dute, eta herritarrei parte hartzeko deia luzatu die.