Kaleko eserlekuak konpontzera, usoak kontrolatzera eta beste behar batzuetara dirua bideratu du Udal Gobernuak

Mirari Altube Arrese 2023ko uzt. 26a, 07:58

Udal Gobernuaren helburua da "berdintasun politikak eta Gizarte Larrialdietarako laguntzak indartzea", baita "beste hainbat hobekuntza lan" egitea ere herrian. Horretarako, Udal aurrekontuan aldaketa batzuk egin dituzte "epe motzeko beharrei erantzuteko"; guztira 154.000 euro izango dira "mugitutakoak" kreditu aldaketa bidez.

Orain dela hilabete pasatxo ekin zion agintaldiari Udal Gobernu berriak eta ordutik hona "hainbat ekintza eta lan" egin dituela jakinarazi dute bertatik: "Asko izan dira barne mailako antolakuntza hobetzeko eta zerbitzu hobeak emateko azpiegituretarako egindakoak". Eta gaineratu dute martxan zeuden "proiektuak hobetzen eta are eta eraginkorragoak izan daitezen lanean" dihardutela Gobernuko kideak zein Udal langileak. Era berean, proiektu berriei ekitekotan dira.

Baterako zein besterako dirua izateko hainbat kreditu aldaketa egin dituzte. Pausoka haur eskolarako, esaterako, 73.000 euro gehitu dituzte, irailetik aurrerako zerbitzuan emango diren aldaketei aurre egiteko. Eta jaietako partidan 5.000 euro gehiago jarri dira "hurrengo hilabetetako ekintzei erantzun ahal izateko".

Kaleko eserlekuak mantentzera 9.000 euro bideratu dituzte: "Eta hurrengo hilabetetan, gainera, gaizki dauden herriko eserlekuak konponduko dira". Eta usoak "kontrolatzeko" 5.500 euro jarri. Bestetik, Iturrigorri pilotalekuan hainbat foku hondatuta daudela jakinarazi dute eta horiek aldatzerakoan LED sistemara jauzi egingo dela iragarri; horretarako 13.500 euroko partida berri bat sortu da.

Gizarte Larrialdiak eta Berdintasuna

Esandakoez gain, gizarte larrialdietarako laguntzen "beharrak handitu" egin direla ikusita eta dauden "eskaerei aurre egin" ahal izateko 15.000 euro gehiago sartu dituzte partida horretan.

Bestetik, Berdintasun departamenduko ekintzak bultzatzeko 10.000 eurorekin handitu da, "berez txikiegia zen partida".

Proiektu berriak

Hirigintzako proiektu berriak ez dituzte ahaztu gura izan, eta horretarako, 20.000 euro gehiago bideratuko dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak