Udalekuak amaierara iritsi dira. Beste urte batez, herriko kaleak eta plazak umez eta nerabez josi dira uztail osoan, askotariko aisialdi eta ekintzen bueltan. Loratuk antolatutako udaleku irekien harira, 3 eta 12 urte arteko 321 ume eta nerabe bildu dira. Hiru asteko egitarauaren barruan, hiru ekitaldi nabarmendu dira: sanferminak, Portasolgo jaiak eta Azken Jaia. Inguruko tokiak ezagutzeari lehentasuna eman diote eta txangoak horren arabera diseinatu dituzte. Ainhoa Sanchez koordinatzaileak nabarmendu du monitoreen, gurasoen, umeen eta arduradunen artean erlazio "bikaina" izan dela.
Futbola eta balioak uztartuz
UDAk enegarren aldiz antolatutako Geroa Sortuz campusean, futbola izan dute ardatz, eta kirolera bideratutako entrenamendu bereziak egin dituzte: arlo teknikoa, taktikoa eta fisikoa, esaterako. Dena dela, klubaren filosofiari jarraiki, balioetan eta adimen emozionalean sakondu dute. Kings League txapelketa, futbol ikuskizuna eta Champions League torneoa izan dituzte.
Udaero egitaraua nerabeentzat
Atxagazte gaztelekuak, Udaero programaren baitan, irteera eta ekintza mordoxka bat egin ditu. Uztailaren "eromenari" amaiera biribila emateko, Gazte Konkis egitasmoa egin zuten Eskoriatzako eta Arrasateko gazteekin batera. Antolatzaileek feedback positiboa jaso dute.