Irailaren 1ean ekingo dio lanaldiari Iturbek, nahiz eta azken hilabetean ere badabilen. Haren soldata izango da 49.000 eurokoa, eta azaldu zuen, gaur egun hezkuntzan duen soldata bera dela.
Debagoieneko Mankomunitatean Aretxabaletako Udalak izango dituen ordezkariak ere izendatu zituzten; Gari Iturbe eta Ion Albizu izango dira eta horien ordezkoak, Nerea Zubillaga eta Angel Etxabe. Suradesan izango den ordezkaria, ostera, Ion Albizu izango da.
Igogailuaren hitzarmena onartuta
Bestetik, Santakurtz kaleko PEASaren likidazioa onartu zuten. Obraren lizitazioa izan zen 2.042.544 eurokoa baina lanek aurrera egin ahala egin beharreko egokitzapenen ondorioz azken likidazioa izan da 2.225.131 eurokoa, hau da, %9 garestiagoa.
Iturrizar plaza eta Txarapea ibilbidea batuko dituen igogailuaren hirigintza hitzarmena behin betiko onartu zuten; izan ere, alegazioak egiteko zabalik izan den epean ez da halakorik egin.
Bukatzeko, Euskalgintzaren Kontseiluak egindako adierazpenarekin bat egin zuen Udalak: "Espainiako Konstituzio Auzitegiak Udal Legearen aurka, udalei euskara hutsez aritzeko aukera ezetsiz, emandako epaiak eragin digun kezka larriak agerraldiarekin bat egitera ekarri gaitu".