Eskoriatza, Aramaio eta Aretxabaletako zortzi taldek jardungo dute nor baino nor gehiago bihar, zapatua, Ibarra futbol zelaian, Debagoieneko kuadrillen arteko IX. zazpiko futbol txapelketan. Izena emandakoen taldeen artean honako hauek daude: Poteo, Power Rangers, Ezkutu Dance Club, Dionis FC, New Team, Atxurra Aramaixo, Lana eta Escorpions.
Egun osoko txapelketa izango da; 09:30ean ekingo diote eta talde guztiek jokatuko dute elkarren aurka. Finalaurrekoak 17:45ean izango dira eta finala 19:00etan hasiko da.
Sariak irabazleei eta gehiagori
Lehenengo hiru sailkatuek sari ekonomikoa izango dute: irabazleek, jasotako diruaren %60; txapeldunordeek, %30; eta hirugarrenek, %10. Horiez gain, norbanakoak ere sarituko dituzte herriko merkatariek emandako opariekin: atezain onena; gol gehien sartu dituen jokalaria; txapelketako jokalari onena; eta gehien animatzen duen taldea.