UDA taldea dagoeneko datorren denboraldiari begira jarrita dago. Egubakoitzean ohiko eta ezohiko batzarrak egingo dituzte Arkupe Kultur Etxean. Ohiko Batzarraren lehen deialdia 17:30etan hasiko da eta bigarrena ordea, 18:00etan. Ezohiko batzarraren lehen deialdia 18:30etan izango da eta bigarrena 19:00etan.
Taldeko zuzendaritzak hurrengo gai hauek jorratuko ditu ohiko batzarrean: aurreko batzarreko aktaren onarpena, iazko denboraldiaren balorazioa eta diru kontuak, 2023/24 denboraldiaren aurkezpena eta diru kontuen onarpena. Bertaratutakoek, proposamenak, eskaerak edo galderak egiteko aukera izango dute.
Bestalde, ezohiko batzarrean estatutuetako aldaketak aurkeztuko dira eta baita zuzendaritza batzorderako bozketak egin ere.
Aurpegi berriak
Talde aretxabaletarrak orain arte bi fitxaketa berri aurkeztu ditu Ohorezko Erregional talderako. Lehenengoa Urgatzi taldetik datorren Xabi Armentia erdilari gasteiztarra eta bigarrena Manex Ibarrondo aretxabaletarra. Azken hau Real Sociedad taldetik fitxatu dute eta nahiz eta jubenil mailako fitxa izan, asmoa lehen taldearen dinamikan egotea da.
Hauez gain, Eneko Garcia aurrelariak Ohorezko Erregional mailako fitxa izango du, iaz Euskal Ligako Jubeniletan aritu ondoren.