Goizeko ordutegia izango dute (09:00-13:00), eguenetan izan ezik; orduan, 17:00ak arte. Gainera, 3 urtekoak 09:00etarako joan ahal izango dira aurten, gura izanez gero; lehenengo ordubetean udaletxe zaharrean artatuko dituzte eta 10:00etan ekingo diete jarduerei.
Marrazki bizidunen bueltako udalekuak antolatu dizkiete: "Loratu telebista egingo dugu eta talde bakoitzak marrazki bizidun bat izango du. Erronkak izango dituzte egunero eta emaitzaren arabera saioaren audientzia igotzen edo jaisten joango da. Azken egunean ikusiko dugu zer lortu duen bakoitzak", azaldu du Ainhoa Sanchez koordinatzaileak.
Irteerak ere egingo dituzte, herriaren bueltan gehienak, eta Arrasateko igerilekuetara eta Eskoriatzako bainutokira ere joango dira batzuk.