LGTBI Komunitatearen Egunarekin bat egiteko deia

Mirari Altube Arrese 2023ko eka. 28a, 14:37

Orain dela 54 urte New Yorken izandako Stonewall-eko istiluak ekarri gura izan ditu gogora Udalak eta LGTBIAQ+ komunitatearen eskubideak aldarrikatu. Hala, herritarrak gonbidatu dituzte gaur egingo diren mobilizazioetan parte hartzera.

Hona hemen adierazpena osorik:

"Stonewall-eko istiluak orain dela 54 urte gertatu ziren, New Yorkeko Greenwich Village auzoko Stonewall Inn tabernan izandako polizia-sarekada baten ondorioz. Garai hartan, taberna hau gune segurua zen LGTBIAQ+ kolektiboarentzat, baina poliziak sarekada ugari egiten zituen euren aurka. 1969ko ekainaren 28ko goizaldean, sarekada horietako batean, jendetzak aurre egin zion poliziari, hainbat egunetan luzatu ziren manifestazio eta iskanbilei hasiera emanaz.

Aretxabaletako herriak egun hori gogora ekarri nahi du, hura izan zelako LGTBIAQ+ kolektiboaren eskubideen aldeko mugimenduaren hasiera. Marsha P. Johnson eta Sylbia Rivera izan ziren iskanbila haietan poliziari aurka egiten lehenak, eta emakume horiek hasitako mugimenduari esker, izugarrizko aurrerapausoak eman dira LGTBIAQ+ kolektiboaren eskubideetan.

Horrekin batera, aipatu beharra dago LGTBIAQ+ kolektiboaren baitan dagoen aniztasuna; pertsona transak, asexualak, ez bitarrak… ere erdigunean jarri behar direla, eta alde batera utzi kolektiboko pertsona batzuk soilik ordezkatzen dituzten diskurtsoak. 

Gure bizilagunok gonbidatzen zaituztegu aurretik esandako guztiarekin bat eginez hilabete osoan zehar herrian antolatutako ekintzetan parte hartzera, eta LGTBIAQ+ bandera duen eskumuturrekoa jartzera, kolektibo honetako pertsonen eskubideen aldeko aldarria egiteko. Gainera, bat egiten dugu hilabetean zehar antolatutako ekintza zein ekitaldi ezberdinekin eta ekainaren 28an, 19:30etan, Herriko Plazatik hasita egingo den mobilizazioarekin".

Gaurko ekitaldiak

Atxabaltako Transmaribibollo taldeak antolatuta honakoak izango dira.

  • 18:00 Desirak eta boterea saioa, udaletxe zaharrean.
  • 19:30 Harro ez da pride mobilizazioa, Herriko Plazan hasita.
  • 20:00 Poteo musikatua, Ezkututik hasita.
  • 22:00-01:00 Pintxada, udaletxe zaharrean. Ez mistoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak