Udako solstizioak eta San Juan bezperak bat egingo dute ekainaren 23an eta horren bueltako ospakizunik ez da faltako beste behin. Ekitaldiak hasiko dituzte Leizarra musika eskolako kideek Dantza Plaza eskainita; 18:00etan izango da Herriko Plazan eta edonork parte hartu ahal izango du.
Ondoren, buruhandien kalejira izango da txistulariek lagun eginda, 19:15ean; eta gero, 20:45ean, Bide Batez taldeak dantzaldiari ekingo dio. Kalejira egingo dute dantzariek 22:15ean, eta Herriko Plazara iritsitakoan sanjuanetako zortzikoa dantzan egin eta sua piztuko dute. Dantzaldiak jarraituko du ondoren.
2005ean jaiotako kintoak
Tantaia ere altxatuko dute gauerdiaren bueltan ohiturari eutsita. 2005ean jaiotako neska-mutilek izango dute aurten horren ardura; 95 inguru izan arren gutxiago elkartuko dira adierazi dute. Goizean joango dira horren bila eta eguerdirako ekarriko dute herrira, gauerako gertu izateko.
Bestetik, boluntario talde batek herriko atarte guztietan iratzeak banatzeko asmoa ere badu; horietako batzuetan, gainera, gurutzeak jarriko dituzte.