Otsailean eratu zen Atxabalta Harro LGTBIQ+ elkartea izan da Harrotasun Astearen eta Egunaren bultzatzailea, eta lehenengo aldia izateko "aurreikuspenak gainditu" dituztela aitortu dute antolatzaileek.
"Herria arnasgune bilakatu behar dugu normatibitatetik kanpo dagoen jendearendako ere. Denek izan behar dute tokia eta ahotsa Aretxabaletan. Etiketatuak izan gabe, gure identitateak zalantzan jarri gabe, estereotipoei aurre egin behar gabe. Orduan lortuko dugu balioetan aberatsa den Aretxabaleta bat", azaldu zuen Beñat Arizabaletak pregoian.
Karropoteoarekin girotu zituzten Aretxabaletako kaleak, eta ondoren, 80 bat lagun batu ziren frontoian, bazkarian, joko artean bazkaldu eta ondo pasatzeko. Jaia gauera arte luzatu zen karaokearekin eta dj-en festarekin.