Agintaldiari hasiera emateko gertu

Mirari Altube Arrese 2023ko eka. 16a, 12:42

Aginte-makila udaletxeko osoko bilkuren aretoan.

Bihar, zapatua, eratuko da udalbatza berria. Osoko bilkura 12:00etan egingo da eta EH Bilduko Gari Iturbe Etxebarriak alkate kargua hartuko du orduan agintaldi berriari hasiera emanez.

Agintaldi bat amaitu orduko beste bati emango diote hasiera. Bihar, ekainak 17, udalbatza berria eratuko da, eta horretarako ekitaldia 12:00etan izango da udaletxeko osoko bilkuren aretoan. Kargua hartzeko elkartuko dira: EH Bilduko Gari Iturbe, Nerea Zubillaga, Ion Albizu, Lorea Serrato, Ibai Zangitu, Ainhoa Sanchez eta Angel Mari Etxabe; eta EAJko Mikel Uribetxebarria, Conchi Muñoz, Javier Mar, Karmele Uribarri, Unai Elkoro eta Maider Triviño. EAJtik jakinarazi dute Mar ezin izango dela egon han.

Protokoloari jarraituz, Adineko Mahaia osatuko dute, lehenengo; nagusienak, Angel Mari Etxabek –Javier Mar ez dagoelako–, eta gazteenak, Ainhoa Sanchezek, gidatuko dute; udalbatza osatuko dutenei Hauteskunde Batzordetik bidalitako egiaztagiriak eskatuko dizkiete, horiek ziurtatzen dutelako hautetsi direla. Behin hori eginda, kargua hartuko dute banan-banan; horretarako zein formula erabiliko duten ez dute zehaztu.

Ondoren, alkate aukeraketari ekingo diote. EH Bilduk zerrendaburu izan den Iturbe aurkeztuko du. EAJ, ostera, atzo iluntzean zen egitekoa bilera zelan jokatu erabakitzeko. Dena den, Mikel Uribetxebarriak onartu zuen ez dagoela ezustekoetarako tarterik. Hala, Gari Iturbe Etxebarriak hartuko du alkate ardura, eta agintaldiari hasiera emango diote. "Lehenengo unean ama izango dut gogoan, noski", adierazi du Iturbek, eta gaineratu: "Aginte-makila, baina, gainerako taldekideekin elkarbanatu nahiko nuke, nik bakarrik hartu gabe".

Lehen urratsak egiten

Agintaldi berriari begira lehen urratsak egiten hasi dira bi alderdiak. Biek ala biek onartu dute harremanetan egon direla. EH Bilduren proposamena izan da EAJko kide bat sartzea Gobernu Batzordean. Horren gainean eguenean ziren berba egitekoak EAJkoak taldean, eta oraindik erabakirik hartu gabe zeudela zioen Uribetxebarriak: "Gobernu Batzordean egon edo ez, erabakitzeko ahalmenik ez dugu izango. Han lantzen diren gaien jakitun egongo ginateke, bai, baina horiek batzordeetan aurrez landuta egon ohi dira". Hala, batzordeetan lan egiteko gogoz agertu da: "Udal Gobernua kontrolatuko dugu, baina ekarpenak eginda eta gure proiektuak aurkeztuta". Ildo horretatik, Iturbek zioen erabakia edozein izanda ere haiekin lan egin gurako luketela arlo bakoitzean: "Amankomunean egindako lana bultzatu gura dugu".

Udaleko sailei dagokienez, Iturbek aurreratu du eutsi egingo dietela orain daudenei, berri bat gehituta: Garapen Ekonomikoa. "Gure asmoa horiekin hastea da, baina ikusiko dugu zertan bukatzen duen, egunerokoak erakutsiko duelako zein behar dauden". Gaineratu du arloen arteko sinergiak bilatu gura dituztela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak