Tokiko merkataritzan erosketak sustatzeko helburuarekin, erosketa bonuen kanpaina bikoitza egitea erabaki du Udalak. Bata orain jarriko du abian, udaberri eta uda denboraldiari begira, eta bestea udazkenean. 30.000 euro bideratu ditu horretara, eta dirulaguntza hori Udalak eta Aretxarte merkatari eta ostalarien elkarteak sinatutako hitzarmenaren barruan dago.
Deialdi bakoitzean 750 txartel edo bonu jarriko dituzte eskuragai. 50 euroko balioa izango du bakoitzak; horietatik, erosleak 30 euro ordainduko ditu eta gainerako 20ak –Udalak jarritako kopurua– doan jaso. Horretarako, 15.000 euro erabiliko ditu Udalak.
50 euroak honela banatuta etorriko dira: bost euroko bi bonu (moreak); hamar euroko beste bi (horiak), eta 20 euroko bosgarren bat (gorria). Bost eurokoak tabernetan gastatu beharko dira, baita Ogiberrin, Danonan eta Arkupe goxoki dendan ere.
Pertsonako txartel bakarra
Martitzenean, ekainaren 20an, jarriko dute abian lehenengo kanpaina. Aretxarte arduratuko da bonuen salmentarekin eta Arkupera joan beharko da 10:00etatik 19:00etara bitartean. Pertsona bakoitzeko txartel bakarra erosi ahal izango da, eta, horretarako, nortasun agiria erakutsi beharko dute. Baldintza da 16 urtetik gorako aretxabaletarra izatea.
Aretxarteko 40 establezimendu inguruk hartuko dute parte; horien artean daude elikadura, arropa eta oinetakoen dendak, zerbitzuak –ile-apaindegiak, estetika zentroak, fisioterapiak…– eta tabernak. Bonuak erabiltzeko azken eguna uztailaren 21a izango da. Irail eta urri ingururako iragarri dute bigarren sorta: beste 750 txartel.