"Harrotasunari tinko" eusteko egitarau zabala

Mirari Altube Arrese 2023ko eka. 9a, 13:56

Iaz lehenengoz egindako jaian batutako lagunak. (Argazkia: Atxabalta Harro)

Otsailean eratu zen Atxabalta Harro LGTBIQ elkarteak bigarrenez antolatu du komunitate horren nazioarteko egunaren bueltako ospakizuna; oraingoan, aste osoko egitaraua zehaztu dute, eta hilaren 12tik 17ra bitartean ekintza mordoa izango dira.

Ekainaren 28an da LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Eguna, eta, horren bueltan, lehenengoz antolatu zuten iaz Atxabalta Harro Eguna. Orduko arrakasta ikusirik, elkarte ofiziala sortzea erabaki zuten sei lagunek, eta, otsaila ezkero, Atxabalta Harro LGTBIQ elkartea martxan da. Aurten egitarau mardulagoa antolatzea erabaki dute eta ekainaren 12tik 17ra bitartean egunero izango da ekintzaren bat edo beste; jai giroak, ostera, zapatuan egingo du eztanda.

Hausnarketa eta jaia

"Ospakizun handiagoa eta hobea" antolatzea da asmoa, eta herritar orori irekia izatea: "Edonorendako ekitaldiak antolatzen saiatu gara, eta gonbidatuta daude; umeak, gazteak, helduak eta adinekoak batuko dituen egitaraua egin gura izan dugu. Harrotasuna aldarrikatzea guztion eginbeharra da, berdintasunaren barruan guztiok egin behar dugu borrokan, eta, hortik abiatuta, gure jaian herritar guztiek dute lekua". 

Hausnarketa sustatzeko guneak proposatu dituzte; astelehenean, esaterako, El sexo sentido filmaren bueltan transen egoeraren bilakaera izango dute hizpide; martitzenean, identitatearen eta genero-rolen gaineko jolasak egingo dituzte umeekin; eta eguaztenean, Loratuz Lotu elkartekoek Trans izanez hitzaldia egingo dute. Egubakoitzean, ostera, murala margotuko du Mutikokristal-ek.

"Asteari ginga jarriko diogu zapatuko jaiarekin", adierazi dute. Goizean diana eta pregoia egingo dituzte, eta bazkaria pilotalekuan –txartelak salgai daude Paulaner eta Ezkutu tabernetan–. "Bazkalostean ezusteko batzuk ere izango dira: jokoak, bingoa… Eta handik aurrera giro ona ziurtatuta dago: karaokea, Michael Night DJa, muxu-festa, reagetoi zaharra, eta tekno eta house musika".

Egitaraua

Ekainak 12, astelehena

  • • 18:30 Dokumentala: El sexo sentido. Arkupe.

Ekainak 13, martitzena

  • • 10:00 Merkatua: Harrotasunean tinko.
  • • 17:30 Umeendako jolasak. Plaza.

Ekainak 14, eguaztena

  • • 18:00 Hitzaldia: Trans izanez. Loratuz Lotu elkartea. Arkupe.

Ekainak 15, eguena

  • • 19:00 Poteoa. Portasol.

Ekainak 16, egubakoitza

  • • 18:00 Mural margotzea. Mutikokristal. Express.

Ekainak 17, zapatua

  • • 11:00 Dianitza.
  • • 12:00 Pregoia. Plaza.
  • • 12:00 Karropoteoa.
  • • 15:00 Bazkaria. Frontoia.
  • • 19:00 Karaokea. Kixkor.
  • • 21:00 DJ Michael Night. Arlutz.
  • • 23:00 DJ Jaizki (Orly), Muxu Fest! (Haizea), DJ Tilla (Ezkutu).

LGTBIAQ+ liburu gida

Berdintasun Sailak eta udal liburutegiak LGTBIAQ+ liburu-gida atera dute. Helburua da LGTBIAQ+ gaiak lantzen dituzten liburuak herritarren esku jartzea, eta hamazazpi lan daude kontsultagai: narratiba-liburuak, komikiak eta kontsulta-liburuak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak