Antzezlanek eta musikak kaleak beteko dituzte ekainean

Mirari Altube Arrese 2023ko eka. 5a, 11:18

Leizarra musika eskolako bandako kideak eta Kultura Saileko ordezkariak.

7x7 Kultura Kalean ekimenari eguaztenean, hilaren 7an, emango diote hasiera, txotxongilo emanaldiarekin.

7x7 Kultura Kalean ekimena bueltan dator, Udaleko Kultura Sailak antolatuta. Ekainaren 7an hasita, askotariko kultura ekitaldiak eskainiko dituzte herriko hainbat gunetan –guztiak dira 19:00etan–. Familia giroan gozatzeko ikuskizunak izango dira gehienak; besteak beste, antzezlanak, zirkuko jolasak eta musika.

Antzezlan asko eta banda

Ekimenari hasiera emango dio Bihar txotxongilo taldeak Santakurtz plazan umeendako aurkeztuko duen Harritzeko ipuinak ikuskizunak; eguaztenean izango da hori, ekainaren 7an.

Ekainaren 9an Herriko Plazan izango da emanaldia. Trokolo Teatroak Txus&Txu lana eroango du; familian gozatzeko muntaia dinamikoa eta gertukoa.

Ekainaren 14an musika eta umorea uztartuta dantzan eta jolasean jarduteko aukera izango dute umeek, DJ Porru 3.0 ikuskizunarekin.

Antolatu den egitarauan etxeko taldeak ere izango du lekua, eta hilaren 16an, egubakoitzean, Leizarra musika eskolako bandak kontzertua eskainiko die aretxabaletarrei Felix Iñurrategi lorategian.

Hotzmuga Teatroak ez du hutsik egiten Aretxabaletako kultura programan, eta aurten ere han izango da. Hilaren 18an Agurea, urpekaria eta itsasoa antzezlana eroango du Herriko Plazan jarritako oholtzara. Kontsumismoa, sortzen den hondakin kopuru handia eta itsasora egiten diren isurketak ikusaraztea du helburu lanak, umore handiz kontatuta. Ekainaren 21ean, ostera, zirkuko kontuekin gozatuko dute neska-mutikoek zein helduek, Begiekin ikusten gara! lanarekin. Malabarrak, magia eta pailazoen emanaldia eskainiko ditu Zirkoloretsua taldeak Iralabarri plazan.

Egitarauari bukaera emango dio Patata Tropikala Antzerki Laborategiak hilaren 27an. Azken eguzkilorea lana eroango du Mitarte kalera; maskarekin eta umorez eta irudimenez jositako abentura dibertigarria.

Judit Neddermann abeslaria

Bestalde, ekainaren 11n, Judit Neddermann Kataluniako kantautoreak kontzertua eskainiko du Herriko Plazan. Folka eta musika modernoa oinarri dituen kanten sortzailea da eta abeslari ezagunekin lan egin izan du; besteak beste, Alejandro Sanz, Jorge Drexler, Joan Manuel Serrat, Rozalen eta Macacorekin. Kaleratu berri duen bosgarren diskoa aurkeztuko du: brasildar musikari eta iberiar folkloreari esker oneko albuma, hain zuzen ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak