Oporren aurreko festa antolatu du Aretxartek

Mikel Zumalde Etxabe 2023ko mai. 26a, 17:00
Aretxarteko hainbat kide egitaraua eskuan dutela, Durana kalean.

Herriko kaleak girotzeko eta oporrak hartu baino lehen herria alaitasunez betetzeko helburuarekin, ekainaren 2rako eta 3rako ekintza-sorta antolatu du Aretxartek. Ilusio "handiarekin" egindako egitaraua dela dio Aretxarteko presidente Kris Hernandezek. 

Iaz antolatu zuen lehen aldiz Aretxarte merkatari elkarteak Aretxarte jaia, eta aurten ere hainbat ekintza antolatu dituzte ekainaren 2rako eta 3rako. Aretxarteko presidentea da Kris Hernandez, eta egitaraua eta adin eta gustu ezberdinetara egokituko dela nabarmendu du, ilusio "handiarekin". Herriko kaleak alaitzeko asmoarekin egingo da festa, oporrak baino lehen herrian ondo pasatzeko aukera ere badagoela erakusteko. Komertzio guztien lana goraipatu du.

Bi eguneko egitaraua

Ekainaren 2rako, motorrak berotzeko, honako ekintza hauek antolatu dituzte: Arratsaldean puzgarriak izango dira umeentzat Herriko Plazan, Ilargi plazan, Mitarten eta Durana kalean. Ondoren, dantza garaikidea, Other Side Company dantza taldearen eskutik. Horrez gain, flamenkoa, klakea eta sabel dantza Mitarte kalean. Eguna bukatzeko, 19:30etik 21:00etara triki-poteoa egongo da.

Egun handia zapatuan iritsiko da, ekainaren 3an. Batukadak herriko kaleak girotuko ditu eta UDA kirol elkarteak txosna jarriko du (12:30-13:30). Ondoren, Aretxarteko berrehun bat pertsona mahaiaren bueltan elkartuko dira Herriko Plazan. Bazkariko txartelak bi eurotan salgai daude Kilokan, Ander Arrandegian eta Bedarreta tabernan. Gaur amaituko da Bazkariko txartelarekin jairako zapia dohainik jasoko dute. Paellaz gain, hanburgesa jateko txosna ere egongo da. Ondoren, bazkalostea girotua, haur jolasekin eta karaokearekin (16:30- 18:00). Bitartean, mus txapelketa ere jokatuko dute, Express kafetegiaren parean. Arratsalde gauerako geldituko dira herriko bi musika talderen kontzertuak. 19:00etan hasita, Neallta Fola igoko da oholtza gainera, eta 20:00etan, Eten! Aretxarteko lehendakariak Neallta Folari eskertu nahi izan dio ekainaren 3an Herriko Plazan jotzeko erakutsi duen prestutasuna. Horrez gain, Hernandezek nabarmendu du antolatu dituzten ekintzetara denda "asko" batu direla.

Dirulaguntzak

Bestalde, azken osoko bilkuran, Udalak Aretxarte merkatarien elkarteari 30.000 euroko laguntza gehigarria ematea onartu zuen. Dirulaguntza hori baliatuta, udaberri-uda eta udazken-negu denboraldietarako bi bonu kanpaina jarriko dira abian. Orain arte, Udalak 5.000 euro bideratzen zituen Gabonetan tokiko saltokietan erosketak sustatzeko abian jartzen den bonuen kanpainarako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak