Bakardadeari eta isolamenduari aurre egitea, EH Bilduren jomuga

Mirari Altube Arrese 2023ko mai. 25a, 07:20

EH Bilduko kideak joan den egubakoitzeko ekitaldian. (Argazkia: EH Bildu)

Arreta sozioemozionalean oinarritutako estrategia sustatu gura du, eta hiru hanka izango dituen prozesua abiarazi.

Aretxabaleta "zaindua izango den herria" izatea du helburu EH Bilduk, baita "zainduko duen herria" izatea ere. Horregatik, "zaintza sare publiko komunitarioa" bultzatzearen alde agertu dira bakardade ez hautatuari aurre egiteko: "Publikoa, udal baliabide ekonomiko, material eta teknikoekin lagundutako prozesua izango delako, eta komunitarioa, herritarren eta inplikatutako eragileen protagonismo eta lidergoarekin aurrera eramango delako".

Etxez etxeko zerbitzua "indartu"

"Bakardadea adinekoek zein zaintza lanetan diharduten pertsonek, batez ere emakume migranteek, bizi duten egoera" dela jakitun arreta sozioemozionalean oinarritutako estrategia bat sustatzea da asmoa: "Pertsonak norberaren etxebizitzan zahartzeko eskubidea duela sinisten dugu, eta, horretarako, etxez etxeko arreta zerbitzua indartzeko konpromisoa hartzen dugu, kalitatezko zerbitzua izan dadin, fokua langileen baldintzetan ere jarriz".

Harantzago joango den estrategia nahi dute, eta hiru hanka izango dituen prozesua aurkeztu dute. Batetik, diagnostiko jarraitua: "Bakardadea detektatzeko antenak aktibatuko ditugu, isolamendu egoerak jakinarazteko kanalak sortuta". Bestetik, bakardade egoeran dauden pertsonen harreman sarea indartzea: "Loturak eraiki eta herriko dinamikarekin elkarrekintza izan arteko prozesuan bidelagun izango gara". Eta hirugarrenik, zaintza lana egiten duten pertsonekin lanketa: "Haien premiak ase, lana ikusarazi, balioan jarri, duindu eta formazioa eskainiz, besteak beste".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak