UDAK antolatutako bigarren lagunarteko Genuine txapelketa egin dute Aretxabaletako Ibarra futbol-zelaian. 10:00etan iritsi dira Euskal Herriko lau taldeak: Reala, Athletic, Alaves eta Eibar. Ekitaldiari hasiera emateko, Aratz elkartekoek harrera egin diete gonbidatuei. Aurreskuaren ostean, talde bakoitzeko kapitainak eta Aratz elkarteko kide batek ere opari bat jaso dute taldearentzat UDAren eskutik.
Aratzeko kide den Jokin Antxiak "dena posible" izatearen adibide "garbi" bat bezala ikusten du torneoa eta "txapelketa irabazlea aurkitzeko ez dela, euren artean partekatzekoa dela", gaineratu du. Mikel Martinez Alavesko jokalariak adierazi duenez, gozatzeko, dibertitzeko eta ondo pasatzeko jolasten du futbolean.
Ondo pasatzea irabaztearen gainetik
Txapelketa hasi aurretik, gogotsu eta pozik zeuden jokalariak, gozatu eta disfrutatzeko gogo-biziz. Familia eta lagunen berotasunean hasi dituzte partidak, Markel Berrocal Eibarko jokalariak bere asmoa zein den adierazi du: " Futbol polita ematea eta dena ematea nahi dut. Afizioa da onena".
Jokalariek ere, txapelketaren helburuak argi dituzte eta "ahal baldin bada" irabaztea nahi duten arren, ez da garrantzitsuena Realeko Leire Esnal jokalariaren hitzetan: "Txapelketa normal bat da, eta gure gaitasunak zelaian erakustea nahi dugu. Ahal bada irabazi, baina galduta ere disfrutatzea da asmoa".
Athletic taldeko Josu Uriguen jokalariak eta Igor Arenaza nahiz Diego Feijo entrenatzaileek emaitza "gutxienekoa" dela eta horrelako torneoak beraientzat festa bat bezalakoa direla nabarmendu nahi izan dute: "Futbolean momentu oro ospatzen dugu, ospakizun bat da, eta torneo hau festa bat".