Genuine topaketa goizeko hamarretan hasiko dute, eta, hasteko, lau taldeak aurkeztuko dituzte. Jarraian, 10:30 inguruan, Aratz elkarteko kideek harrera egingo diete lau talde gonbidatuei, eta ondoren hasiko dira norgehiagokak, 11:00etatik 12:30era. Hala, hutsarteetan, Aratzeko lagunek antolatuta joko inklusiboak egingo dituzte. "Iaz, koronabirusaren beldur ginelako, ez genuen ekimenean esku hartu, baina aurten bai, animatu gara. Bada, partiduak ez dauden uneetan saiatuko gara denok parte hartzeko moduko jokoak egiten, helburu nagusia pertsonen arteko harremanak sustatzea delako", adierazi zuen Jokin Antxiak aurkezpen ekitaldian.
Realeko jokalari Leire Esnal zumaiarrak adierazi zuen gogotsu dagoela domekako lagunartekoak jokatzeko: "Ligako partiduek lehia kutsua izaten dute, baina halako topaketetan lagunartean ibiltzen gara". Eta Real Sociedad Fundazioko ordezkari Ainara Mugak nabarmendu zuen halako torneo bat etxean bertan jokatu ahal izatea gauza handia dela eurendako, bestela kanpora joan behar izaten dutelako, eta esker berbak izan zituen UDArendako, ekitaldia antolatzearren. Azkenik, topaketaren babesle den Fagor Automationeko presidente Andoni Larrañagak nabarmendu zuen horrelako ekimenek gizartean sortzen duten inpaktu positiboarekin bat egiten dutela kooperatiban.
Datorren urtera begira daude jada
Torneoaren aurkezpenean batu dira Realeko ordezkari Ainara Muga, UDAko presidente Agurtzane Elkoro, Leire Esnal jokalaria, Aratzeko ordezkari Jokin Antxia eta Fagor Automationeko Andoni Larrañaga. Elkorok adierazi zuen datorren urtean adimen urritasunari eta kirolari buruzko astebeteko ekintza-sorta antolatu nahi dutela.