Aretxabaletarrek "pozik" hartu dituztela jeltzaleen programan jasotakoak azaldu du Uribetxebarriak: "Proiektu zehatzak direlako eta herriarendako garrantzitsuak". Proiektu horien artean dago institutu berria.
Oraingoak dituen "espazio eta ekipamendu gabeziei irtenbidea ematea" da asmoa horrekin, eta Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean dihardutela zioen. "Pisu handiko" beste proiektu bat da zaintza, arreta eta osasun ekosistema. Horren baitan daude komentuan kokatuko diren eguneko arreta zerbitzua eta jubilatuen egoitza berria eta iaz hasi zituzten lanak. Hori osatzeko, etxebizitza komunitarioen proiektua ere martxan jarri gurako lukete. Zentro soziosanitarioaren lanak ere aurrera doazela gogorarazi zuen alkategaiak; osasun zerbitzuak eta Udaleko Gizarte Zerbitzuak bateratuko dira han, "aitzindari izango den ekosistema oso bat artikulatzeko".
Kirolari dagokionez, Iturrigorri pilotalekura bideratu gura dute beste inbertsio nagusietako bat, "frontoi duina izateko". Eta kiroldegiaren aurrealdeko berdeguneari ere heldu gura diote; asmoa da ur-jolasak, kalistenia parkea eta aisialdirako elementuak jartzea han.
Horiekin batera, programan jasotako beste proiektuetako batzuk dira Lausitta kaleko ur hornidura eta saneamendu sareak berritzea eta gazteei baliabideak eskaintzea jarduerak bultzatzeko.